Aukera izango dute hernaniarrek auzoan konposta egiteko

Kronika - Erredakzioa 2012ko aza. 25a, 01:00

Etxean lur-zatirik ez daukatenei aukera emango zaie lur publikoan konposta egiteko. Horretarako, apuntatu beharra dago, azaroaren 30a baino lehen.

Hernaniko herritar guztiei aukera eman nahi die Udalak konposta egiteko. Horretarako, lur-publikoan konpostagailu komunitarioak jarriko dira, jen­deak eskatzen badu. Orain arte au­tokonposta egiten zuten, soi­lik, lur-zati bat zeukaten herri­tarrek (700 guztira). Orain, lur-zatirik ez daukatenek ere auke­ra izango dute. Herritar horiek, zaborren zerga %40 gutxiago ordain­du­ko dute, autokonposta egiten dutenek bezalaxe. Apuntatu nahi dutenek au­kera daukate azaroaren 30a bi­tarte, Atez Ateko bulegoan, edo mezua bidalita: atez-ate@her­nani.net, olatz-u@hernani.net

Hainbat hernaniarrek eskatua
Hernaniko Udalak jakinarazi duenez, hainbat hernaniarrek aspaldi eskatu zuten aukera konpostatzeko. Haiei erantzuna eman nahi die Udalak, eta beste herritar guztiei ere aukera jarri, bakoitzak bere auzoan konposta egiteko. «Ahalik eta gertuen jarri nahi ditugu konposta ko­munitarioak. Zergatik? Merkea­goa delako, ekologikoagoa eta osasuntsuagoa».

Udalak, materia lehorra
Udalak jarriko ditu konpos­ta­gailua eta materia lehorra (orbela, lastoa edo dena de­lakoa). Auzotarrak egin beharko du, organikoa eraman eta na­hastu, materia lehor horrekin. Konposta eginda dagoenean, lorategi edo parke publiko horretan banatuko da.

Usurbilen urtebete ‘auzokonposta’ egiten
Usurbilen auzokonposta deitu diote konposta egiteko modu honi. Orain dela urtebete hasi zi­ren formula horrekin, eta 7 au­­zo­tan egiten dute auzo­kon­posta. Laister, beste bi pun­tutan ere egingo dute. Usur­bilen, he­rri­tarrek beren kasa kon­postatzen dituzte ur­tean 134,6 tonelada honda­kin; etxeetan %83 kon­pos­tatzen da eta auzoetan %17. Udalak emandako datuen arabera, mailarik altueneko konposta lortu dute, A mailakoa. Datozen hilabeteetan Gi­puz­koako 30 herri txikitan au­zokonposta egiten hasiko dira, Hernanin bezala.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!