Goiatarren bat bazen, Nafarroatik etorria

Kronika - Erredakzioa 2012ko aza. 25a, 01:00

1936. urtera egingo dugu atzera. Hiru urtez luzatu zen Gerra Zibileko istorioak hernaniarron belarrietaraino iritsi dira, baina ez ziren han bukatu; familia askok oraindik ere zain jarraitzen dute, ez zelako argitu beren arbasoei (orain dela 76 urte) gertatutakoa. Felix Goia Urbieta eta bere familiari pasatakoa da hau.

1936ko uztailaren 18ko al­txamenduarekin, Eulaten (Na­farroa, Urbasa ondoan) faxistek hurrengo egunean bertan hartu zuten udaletxea. Lehenengo egunetan, `go­rria´ zela esanda atxilotu zuten Felix Goia, beste ba­tzuekin batera, eta mendira eraman gau ilunean. Mendi­an elkarrengandik apartatu zituzten eta tiroak entzun ziren. Pentsatuz banaka fusilatzen ari zirela, guardiak despistatuta zeuden batean, Felixek mendian behera korrika ihes egin zuen tiro artean. Mendian gordeta egon zen denbora batez, lagun baten etxera joan zen arte. Han jakin zuen, mendira eraman zituztenean entzundako tiro hotsak ez zirela inori botatakoak izan, beldurtzeko egin zietela, eta ba­sora eramandako besteak ka­lean zebiltzala. Guardia Zibi­lari kontatu zion pasatakoa, eta hauek etxean arrestatuta egotera behartu zuten. Abuz­tu­aren bukaera aldera, ordea, errekete talde bat etorri eta etxea konfiskatu zieten. Etxetik bidalita, Felix eta bere emazteak sei seme-alabarekin, Hernanirako bidea har­tzea erabaki zuten, Feli­xen anaia, Joxe, han bizi zela eta.

Felix desagertu egin zen
Astoa eta `Periko´ astakumea ahal zutenarekin kargatuta Tolosa pasatzeraino iritsi ziren. Irura parean, Laskibar Hotelean, erreketeen kotxe batek alto eman eta Felix atxilotuta eraman zuten. Ezin izan zuten berekin inoiz gehiago hitz egin. Martinak, Felixen emazteak, bakarrik segitu behar izan zuen bidea seme-alabekin. Andoainera iritsi zirenerako ilunduta, ne­katuta, Zatarain familiak orain desagertuta dagoen Txi­tibar baserrian hartu zi­tuen. Tolarean aterpetu zi­ren pare bat astez, Andoain­dik hasi eta Hernaniraino bonba eta tiro hotsak aditzen baitziren. Azkenean, irailaren erdialdera, faxistek Donostia hartu zutenean, iritsi ziren Martina eta seme-alabak Hernanira. Ordurako herria faxisten eskuetan zegoen, eta plazan arazoak izan zituzten pasatzeko. Alkateak astoa eta astakumea konfiskatuta, utzi zieten pasatzen, eta horrela iritsi ziren Joxe Goiarengana, Pipiritta baserrira.

Pipirittan Felixen karta jaso zuten
Azaro hasieran izan zuten Felixen berri. Tolosako kar­tzelatik bidalitako karta bat jaso zuten, urriaren 28ko data zeramana. Laguntza bila hasi zen Martina, senarra kartzelatik ateratzeko. Erreketea zen Felixen anai batengana joan eta honek ez ikusiarena egin ondoren, Iruñean neskame aritu zeneko etxera abiatu zen; Montaner familiarenera. Etxeko semeak, militarra bera, eman zion senarra aske uzteko eskatzen zuen karta. Emakumea dokumentuarekin kartzelara joaterako, ordea, aske utzi zutela esan zioten. Baina gezurra zen. 1936ko azaroaren 13an Ramiro Llamas del Toro epaileak eskatuta, Tolosako kar­tzelatik hogeita bost preso eraman zituzten Ondarretako kartzelara. Horietatik hemeretzi prozesu edo gerra kon­tseilurik gabe fusilatu zituzten azaroaren 14a eta 18a bitartean. Donostian, Beran, Oiar­tzu­nen eta Tolosan izan ziren fusilamenduak. Heme­re­tzi ho­rien artean zegoen Felix Goia: urte asko pasata eta Fe­lixen arrastoen bila makina bat ahalegin egin on­doren, familiak orain dela gutxi jakin du azaroaren 15e­tik 16rako gauean hil zutela Oiartzunen. Hilabete honetan bete dira, beraz, 76 urte. Preso asko fusilatu aurretik `aske uzten´ zituzten, kar­tzeletako dokumentuen arabera. Felix Goiaren kasuan ere, Martina emazteari horixe esan zioten kartzelan, militar batek firmatuta askatasuna gomendatzen zuen karta en­tregatzera joan zenean. Es­perantza txiki batekin hartu zuten notizia eta Pipirittan agertzen ez zela ikusita `Fran­tziara´ pasa zelakoan zeuden. Jaiotzez Oiartzun­goa izanik frontera pasatzeko bi­deak ondo ezagutzen zituela-eta, laster izango zutela bere berri.

Eulatera berriz, hiru seme zaharrenak Hernanin utzita
Ez ziren garai onak familiarentzat, eta Martinak Eula­tera bueltatu behar izan zuen, hiru seme zaharrenak Herna­nin morroi utzita. Eulateko udal frankistak, ordea, arazoak jarri zizkion berena zen etxean sartzeko. Direnak eta ez direnak egin behar izan zituen Martinak, berriz ere, bere etxea berreskuratzeko. 1937ko ekainean lortu zuen eskuratzea udalak konfiskatuta zeukan etxea. Baina kontua ez zen hor bukatu; Felix 1936an fusila­tzeaz gain, 1938an multa jarri zioten Francisco Francoren Movimiento Nacionalari kontra egiteagatik.

Hernanin jende asko fusilatu zuten
Biktimen sufrimendua ez zen fusilamentuekin bukatzen. Orain­dik ere familia asko dago beren senideak non dauden ez dakiena. Felix Goiarena da ho­rietako bat. Non egon daitekeen errezeloa badute ere, ez dute oraingoz gorpurik aurkitu. Hernani familia askoren buruan dagoen lekua da. 1936an, urte garai honetan (urria eta azaroa bitartean) fusilamentu asko egin zituzten; hasieran Cuesta de la Muerten, eta gero herriko kanposantuan. Berrehun bat per­tsona fusilatu zituzten inguru hauetan, eta ezin izan dira denak identifikatu.

FELIX GOIAREN ARRASTOAK OIARTZUNEN ETA HERNANIN

Oiartzungo Egieder baserrian jaio zen 1885eko apirilaren 13an. Josefa Ignacia Urbieta eta Lucas Goiaren bost semeetan gazteena, ofizioz hargina, Iruñeko Martina Ruiz de Galarretarekin ezkondu zen 1919an. Zazpi seme-alaba izan zituzten: Mauro, Ceferino (jaio eta hilabete gutxira hil zena), Pedro, Miguel, Felix, Leonor eta Josefa.

Ezkondu ondoren Eulatera (Nafarroa) joan ziren bizitzera, eta nahiz eta tarte batean Genevillan (Nafarroa) bizi izan, berriz bueltatu ziren lehengo herrira. Hernanin bizi zuen Joxe anaia. Horregatik Eulatetik kanporatutakoan Hernanira jo zuten.

Felix Goiaren ondorengoak ezagunak dira Hernaniko jende askorentzako. Haren seme Mau­ro Goia eta honen emaztea Carmen Eskude­ro, Goizuetakoa, Hernanin bizitu ziren urte askoan; Luken, Peli, Ixiar eta Aitor seme-alabak hemen hazi zituzten.


HERNANIKO OROIMENA

Hernanin, lehenengo omenaldi publikoa 1977an egin zen, baina protagonismoa hildako apaizek izan zuten (Aitzol, beste apaiz batzuen artean, Hernaniko hilerrian fusilatu zuten).
Franco hil eta ondorengo hogeita hamar urteetan isildutako kontua izan da, talde batzuek antolatutako omenaldi publiko gutxi batzuk kenduta. 2002an, historia errekuperatzeko asmoz Hernaniko udalak herrian lurperatutakoen izen eta gorpuak berreskuratzea erabaki zuen.
Aranzadi Zientzia Elkarteak identifikazio lana hasi zuen, Euskal Herriko Unibertsitateak ikerketa bat… eta hemendik atera zen 1936ko udazkena Gipuzkoan. Hernaniko fusilatzeak liburua. Gaiari lotuena dagoen liburua da, baina garaiari buruzko beste batzuk  ere argitaratu dira herrian: Aldaba joka. Hernani: ahozko historia txikia (1931-1981) edo Ahotsak. Emakumeak historian. Hernani (1936-1970), adibidez.

Azken hilabete hauetan dago, Aieteko palazioan, Ondarretako kartzelaren historia ezagutzeko aukera polita. Abenduaren 12ra arte edukiko dute erakusketa.
Goiatarrek, beren familian pasatakoa ez ahazteko oroitarri bat jarri zuten Eulaten 2011n, eta liburuxka bat argitaratu zuten, Izan zirelako bagara, bagarelako izanen dira izenburuarekin, historia kontatuz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!