Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna da gaur eta kontzentrazioa deitu dute 12:30etatik 13:00etara Plaza Berrin, Eraso sexistarik ez lelopean. Berdintasun Kontseiluak, Txoko Feministak, Kafeta Feministak eta Hernaniko Udalak egin dute deialdia. Gazte Asanbladako parekidetasun taldeak eta Gizon taldeak ere bat egin dute.
Kontzentrazioaren ondoren, kalejira egingo dute, «kaleak berreskuratzeko kalejira», hain zuzen. Txoko Feministako kideek Kronikari azaldu diotenez, espazio publikoaren inguruko hausnarketa bultzatu nahi dute, espazioa eta generoaren arteko erlazioarena. 2007an egindako azterketa batean, Hernaniko gune ilun edo arriskutsuak identifikatu ziren. «Orain, kale eta espazio horiek ere hartzea da helburua», diote. Zenbait gunek sortzen dituzten sentsazio txarren gainean sentimendu positiboa eraikiko dute.
Bihar berriz, Antzerki Foruma izango da 18:30etan Biterin. Herritarrei dei egiten diete mobilizazioetan parte hartzeko.
AZAROAREN 25A UDAL ADIERAZPENA
Jatorria
Azaroaren 25a, Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna da. Egun honen jatorria Kolonbian kokatzen da, hain zuzen ere Amerika eta Karibeko lehen topaketa feministetan izendatu zen hala; 1960ko azaroaren 25ean Errepublika Dominikarreko Patria, Minerva eta Maria Teresa Mirabal ahizpak erail zituztenaren omenez eta hauen borrokaren sinbolo. Gertaera honetaz urte ugari pasa diren arren, biolentzia matxista gure herrian irauten duen gaitza dugu.
Indarkeria kokatu
Indarkeria bere testuinguruan kokatzea oso garrantzitsua da; Egungo sistema, patriarkala da, eta honek, emakumeek bizi duten zapalkuntza betikotzen eta bere onurarako erabiltzen jarraitzen du, indarkeria sexista zapalkuntzaren adierazle nagusia izanik. Halaber, azpimarratu beharra dago emakumeen aurkako indarkeria bizitzaren arlo guztietan ematen dela, eta ez bakarrik bikote harremanetan, nahiz eta azken hauetan bisibilizatzen diren maiz egoerarik gordinenak. Izan ere, biolentzia mota ezberdinak daude, gure sistemaren oinarrian baitago, eta sistema honen funtzionamendurako beharrezko tresna da emakumeen gutxiespena, ikusezintasuna (inbisibilizazioa), eta hauen aurkako indarkeria.
Protokoa
Indarkeria jasan duten emakumeei arreta integrala eskaintzeko helburuz, kasu hauetan emakumeei arreta ematen dieten eragileen arteko koordinazio protokoloa onartu zen 2012ko ekaineko Udalbatzan. Udalerri-mailako protokolo honen helburu nagusia, indarkeria jasan duten emakume hernaniarrek informaziorako, arreta sozial integralerako, babes juridiko eta polizialerako duten eskubidea bermatzea da; horretarako eragile ezberdinen koordinazio eraginkorra lortuz. Bertan parte hartu dute Hernaniko Udaleko hainbat sailek (Gizarte Zerbitzuak, Berdintasun Arloa eta Udaltzaingoa) eta Hernaniko Osasun Zentroak. Protokoloa udaleko web orrian kontsultatu daiteke.
Deialdiak
Gai honekiko sentsibilizazio lana urte osoko lana den arren, Hernanin egun honetan ere gaiaren inguruko sentsibilizazio ekintzak egiten dira. Aurtengoan ere, Berdintasun Kontseiluak, Txoko Feministak, Kafeta Feministak eta Hernaniko Udalak kontzentraziorako deia egin dute, azaroaren 25ean 12:30-13:00 Plaza Berrin `Eraso sexistarik ez´ lelopean. Gazte Asanbladako parekidetasun taldeak eta Gizon taldekoek ere beren atxikimendua eman dute. Gainera azaroaren 26rako Berdintasun Kontseiluak eta Hernaniko Udalak, gai honen inguruko Antzerki Forum-a antolatu dute, 18:30etan Biterin. Herritarrei dei egin nahi zaie mobilizazioetan parte hartzeko.
Iker Goenaga Gubia
Politika sozialeko
zinegotzia, Hernaniko Udal Gobernuaren izenean