Udaleko azken Euskara Batzordean aztertu ziren, besteak beste, Hernaniko euskera ikasleen matrikulazio kopurua eta hauei bideratutako dirulaguntzak. Ikasle kopurua mantendu egin da azken ikasturtean, eta dirulaguntzak igo.
Gora, euskera ikastera bideratutako dirulaguntzak
Udaleko Euskara Batzordeak euskera ikasteko ematen dituen dirulaguntzek %14 egin dute gora, pasa den ikasturtean. 2010-2011 ikasturtean 51.807,29 euro bideratu ziren, bai herritik kanpoko euskaltegietako ikasleentzat, bai eta herriko euskaltegietako ikasleentzat ere (AEK eta Udal euskaltegikoentzat). 2011-2012 ikasturtean berriz, 60.238,63 euroko laguntzak eman dira. Bestalde, errotuluak, web orriak eta programa informatikoak euskeratzeko ia 3.000 euroko laguntzak eman zaizkie 8 elkarte eta merkataritza guneri.
Ikasle kopurua mantendu
Euskera klaseak ematen dituzten lau euskaltegi, eskola edo talde daude Hernanin: Udal euskaltegia, AEK, HHI (EPA) eta Banaiz Bagara elkartea. Orokorrean, eutsi egin diete matrikulazio kopuruei, 2012-2013 ikasturterako. Udal euskaltegian 117 ikasle dituzte ikasturte honetan, iaz baino 8 gutxiago; AEKn, 153, iaz baino 6 gehiago; HHIn 16 ikasle matrikulatu dira lehen lauhilerako, eta iaz 13 izan zituzten denboraldi berean. Azkenik, Banaiz Bagara elkarteak 15 bat laguni eskaintzen die mintzapraktikarako aukera.
Ikasleen perfila, anitza
Banaiz Bagara elkartearen helburua da etorkinei euskaraz ikasi eta hitz egiteko aukera ematea. HHIko ikasleek ere maila bajua izaten dute, eta eguneroko bizitzan erabiltzeko euskera ikasi nahi izaten dute. Bestela, euskaltegira bideratzen dituzte. AEKn eta Udal euskaltegian berriz, denetik dago; lehen urratseko ikasleetatik hasi eta EGA prestatzen dutenetara. %37 inguruk berritzen du matrikula.