Lasaitasun sentsazioa bermatzea dute helburu, Txoko Feministako kideek. Biharkoan, Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna denez, indarkeria sexistaren aurkako kontzentrazioa egingo dute 12:30etan Plaza Berrin, Kafeta Feminista eta Berdintasun Kontseiluarekin batera. Ondoren, «kaleak berreskuratzeko kalejira» egingo dute. Espazio publikoaren inguruko hausnarketa bultzatu nahi dute, espazioa eta generoaren arteko erlazioarena, hain zuzen. «Indarkeriak milaka aurpegi ditu, eta estrukturala da; gizarteko maila eta esparru guztietan ematen da. Espazio publikoari dagokionez, ezberdin sentitzen dugu, generoaren arabera. Sistema heteropatriarkalaren ondorio da hori, baina gu ez gara biktima, baizik eta eraldaketaren alde lanean ari garen sujeto aktiboak gara».
Beldurrik gabeko herrirantz
Berdintasun kontseiluak 2007an egindako azterketa bat hartu dute oinarri, biharko aldarrikapenak egiteko. Azterketa horretan, Hernanin dauden `gune ilun edo arriskutsuak´ identifikatu ziren. Orain, «kale eta espazio horiek ere hartzea» da Txoko Feministako kideen helburua. «Leku eta espazio publikoek oroimen bat, arrasto bat uzten dute gugan. Sentsazio hori ezberdin bizi dugu emakumeok eta gizonek, sistema heteropatriarkalaren ondorioz. Emakumeari eman zaizkion rolak direla-eta, espazio pribatua, etxekoa, familiartekoa lotzen zaio emakumeari, eta espazio publikoa gizonari. Emakumeok ez dugu berdin sentitzen espazio publiko hori okupatzeko eskubidea dugunik, eta hori aldatu behar dugu. Egunero egin behar ditugu kaleak `gure´, beldurrari aurre eginez».
Beldurra, eraikuntza sozialaren ondorio
Edonon, edozein ordutan, eta konpainia edozein dela ere, beldurrik gabe eta lasai ibiltzeko emakumeek duten eskubidea aldarrikatzen dute mugimendu feministek. «Inkonszienteki, biktima izaera ematen digute. Emakume izanagatik, zenbat aldiz entzun ditugu arriskuak saihesteko aholkuak? Ez ibili bide horretatik iluntzen duenean, arriskutsua da, kontuz! Ez joan bakarrik etxera. Denok ohitu gara aholku horietara, eta horrek, alarma sortzen du. Azkenean, ibilbide batzuk mugatuta ditugu, beldurraren ondorioz. Baina erabiltzen ez ditugulako diegu beldurra bide horiei, ala ez ditugu erabiltzen beldurra diegulako? Pentsatu beharrean nire kalean noala, eta lasai ibiltzeko eskubidea dudala, beldurra sentitzen dugu. Automatikoki, biktima garela sinestarazten digute; iruditzen zaigu ezin dugula ezer egin. Baina sujetu aktiboak gara, eta lekuen eta sentimendu negatibo horien arteko erlazioa eraldatzen ari gara. Espazio publikoan ibiltzeko modu berriak behar ditugu. Autodefentsa feminista aldarrikatzen dugu; lekuak hartzeko eta beldurrik ez sentitzeko mekanismoak. Espazioa okupatzeko, erasoak identifikatzeko eta erasoei aurre egiteko baliabide propioak erabili ahal izateko aldarrikatzen dugu autodefentsa feminista; emakumeen arteko sarea osatuz eta kontzientzia kolektiboa bultzatuz lortuko duguna».
Ardura kolektiboa
Eraldaketa hori bultzatzeko ematen ari diren pausoetako bat izango da biharko kalejira. «Asmoa da, sentsazio txarrari lotuta sentitzen ditugun kale edo espazioen oroimen berri bat eraikitzea, kasu honetan positiboa. Kolektiboaren indarra baliatuko dugu, lekuen eta sentsazioen berjabetzea lortzeko. Guztion ardura da hau: haur, gazte, heldu eta zaharrena; gizon nahiz emakumeena. Parte-hartze kolektibo kontziente eta arduratsutik sortu beharreko obra kolektiboa da herria. Argi izan behar dugu sujetu aktiboak garela, eta ez biktima». Guztion arduraz ari direnean ordea, ez dira soilik, norbanakoaz ari. «Instituzioek inplikatu beharra daukate; hirigintza planetan adibidez, genero ikuspegiak txertatuz». Biharko ekitaldiekin bat egiteko deia luzatu dute, baina ez bihar bakarrik: «gure borroka egunerokoa da. Egunero berreskuratu behar ditugu espazioak, eta okupatu behar ditugu kaleak, bakoitzak sentitzen ditugun eran, lasai eta aske bizi ahal izateko».
AZAROAK 25
- 12:30etan kontzentrazioa Plaza Berrin, Indarkeria sexistarik ez! lelopean.
- Segidan, «kaleak berreskuratzeko kalejira».
- Abendutik aurrera, autodefentsa feminista ikastaroa.