«Ezti produkzioa asko jaisten ari da»

Kronika - Erredakzioa 2012ko aza. 24a, 01:00

Erlezainen Elkarteko lehendakariaren esanetan, «Irun, Zumaia eta Ordizia bitarteko eremu honetan, bataz beste, %30 jaitsi da ezti produkzioa». Liztor asiatikoa iaztik asko zabaldu dela dio Urkiolak eta panorama oso txarra dela.

Liztor asiatikoa (vespa velutina) izugarri zabaldu da iaztik hona eta ondorioak ederki ari dira nabaritzen erlezainak. «Fagollaga gaine­ko aldean dauzkat nik erleak eta lehengo urtean bat edo beste ikusten nituen, baina aurten izugarria da, erleari ez diote uzten ateratzen. Erlea ez da ateratzen, ateratzen dena kamikaze bat da. Ondorioz, ezti produkzioa asko jaisten ari da. Irun, Zumaia eta Ordizia bitarteko eremu honetan, bataz beste, %30 jaitsi da produk­zioa». Urkiolak aurreikusten duenez, «orain elkartean dauden 500 kide ingurutatik 20 batek utzi egingo dute».

«Europa mailako erantzuna behar da»
Urkiolaren arabera, irtenbide bakarra espezifiko bat lortzea da, «eurentzat erakargarria izango dena eta arrak este­riliza­tuko dituena, gehia­go ez erreproduzitzeko». Udabe­rri­an izango litzateke eraginko­rra, erreginak ernaltzeko garaia denean. Bide horretan azterketak egiten ari dira, baina Gipuzkoa mailan, Diputazioarekin, eta Eusko Jaurlaritzak ere esku hartu beharko lukeela uste du Urkiolak. «Eta ez erkidegotik bakarrik, Europa mailan bilatu beharko litzateke konponbidea, penintsula guztian zabaltzen ari baita». Gutxienez gehiago ez zabaltzea da Urkiolaren nahia: «Mantentzea. Badakit ez ditugula akabatuko, baina behintzat inork gehiago ez dezala jasan gu orain jasaten ari garena».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!