Poliziek mehatxatu izana salatu du Izaro Arruartek

Kronika - Erredakzioa 2012ko aza. 22a, 01:00

Izaro Arruarte, Gari Arruarte eta Ugaitz Errazkin preso politikoen senidea da. Urriaren 25ean Tenerifen oporretan zela bi poliziak egindako jazarpena salatu zuen atzo prentsaurrean.

Izaro Arruarte hernaniarrak atzo prentsaurrean salatu zuen bi poliziak mehatxatu egin zutela urriaren 25ean, Tenerifen. Arruarte oporretan zen bertan eta goizean korrika egitera atera zenean, bi gizonezko hurbildu zitzaizkion, polizia plakak erakutsiz. «Ne­re izenez zuzendu zitzaizkidan hasieratik. Esan zidaten as­palditik zeukatela gogoa nerekin lasai hitz egiteko eta mo­mentu hori egokia iruditu zitzaiela», azaldu zuen Arruartek. Gaineratu zuen egoera politikoaz galdetu ziotela: «Gariren arreba eta Ugaitzen bikotea izanik, nere iritziak garrantzia haundia zuela esaten zidaten eta egoera politikoaren inguruan nuen iritzia jakin nahi zutela. Behin eta berriz esan nien ez nuela ezer esateko eta mehatxuka hasi zitzaizkidan. Ni atxilotzeko adinako frogak bazituztela esan zidaten eta oso akusazio larriak egin zizkidaten. Eta galdetu zidaten ea nere amak ez ote zuen nahikoa semea eta suhia espetxean izanda». 15-20 minutuz gai beraren inguruan galdetzen aritu ostean, bi poliziek 24 orduko epea eman ziotela azaldu zuen Arruartek. «Ezezkoari ez ziela kasurik egingo eta hurrengo goizean, korrika egitera atera eta beraiekin biltzeko esan zidaten. Toki berean zain izango nituela. Ez nintzen azaldu eta ez ditut gehiago ikusi». Arruar­tek salaketa jarri du.

Etxerat: «Onartezina da»
Izaro Arruarteren testigan­tza, senideek jasaten duten jazarpenaren erakusle dela azaldu zuen Etxerat elkarteak eta horrelako erasoak onartezinak direla azpimarratu zuen. Enara Rodri­guezen kasua ere gogoan izan zuen. Senide eta lagunek jasaten duten zigorra bi aldetakoa dela gaineratu zuen: «alde batetik, gure senide eta lagunei ezarri zaien espetxe zigorra eta bestetik, beste bideetatik ezar­tzen zaiguna: sakabanaketa, mehatxuak, miaketak...». «Gehiengoak itxaropen ga­raiak bizi baditu ere, guk errealitate ilun batean jarrai­tzen dugu», gogorarazi zuen. Gertatutakoa argitu eta erantzuleak bilatzeko ere eskatu zuen Etxeratek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!