Hernanik eta beste instituzioek akordioa sinatu dute Urumeako uholdeak saihesteko

Kronika - Erredakzioa 2012ko aza. 22a, 01:00

Akordioa astelehenean sinatu zuten URA agentziak eta Hernani, Donostia eta Astigarragako Udalek. Urumea Plana aurrera ateratzeko, baldintzak zehaztu dituzte akordio horrekin.

Hernani, Donostia eta As­ti­­garragako udalek eta URA agentziak (Eusko Jaurla­ritza) akordio bat sinatu zuten astelehenean, Urumeako uhol­de­ak saihesteko. Akor­dio horrekin zehaztu dituzte elkarlanaren xehetasunak eta baldin­tzak zeintzuk diren, hau da, Urumea Planak bil­tzen dituen neurriak mar­txan jar­tzeko elkarlanaren xehetasunak. Erakunde bakoitzak ho­na­ko konpromisoak hartu ditu: URAk finantzatuko ditu ekimenak eta hiru udalek beharrezkoak diren aldaketak egingo dituzte hirigin­tza planeamenduan eta obretarako behar diren lurzoruak lortu eta eskura jarriko dizkiote URAri. Horrez gain, hitzarmenaren arabera, Jarraipen Ba­tzorde bat osatuko dute sinatu duten erakundeetako ordezkariek. Batzordearen eginkizuna izango da aurreikusitako ekimenak jarrai­tzea, oztopoak saihestu eta konpontzeko.

18 ekintza, 2021era bitarte
Urumea Planak uholdeen aurkako 18 ekintza edo obra biltzen ditu; 2021era bitarte egingo dira. Bakarrik obrak kontuan izanda, 60 milioi euroko kostua izango du. Ekintzen artean daude, Karabel, Martutene, Loiola eta Egiako zubiak aldatzea, Añarbeko presan hobekun­tzak egitea eta Txomin Enea auzoa moldadu eta berriro urbanizatzea.

PSE-EE: «Hitzarmena, albiste ona da»
Hernaniko PSE-EE alderdiak prentsa ohar bidez jakinarazi du instituzioek sinatutako akordio hori albiste ona dela: «Behin eta berriz uholdeek kaltetutako herritarrek eta udalek egindako eskariak kontuan izanda, albiste ona da». Eta gaineratu dute egoera jasanezina zela eta beharrezkoa zela neurriak hartzea kaltetutako erakunde guztien artean. «Urumea ibaia amesgaiztoa bihurtzen da euri zaparrada haundiak egiten dituenean. Eta uholdeak eragiten dituenean estuasuneko egoerak sor­tzen dira; Karabel auzoak as­ko­tan bizi izan duen egoera».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!