«Katalogoa ezagutzen dutenen %85ek adierazi du bertako produktuak interesgarriak eta kalitatezkoak direla eta Katalogoari 7tik gorako puntuazioa eman diote». Halaxe azaldu zuen Ekhi Zubiria Aztiker enpresako ordezkariak ostegunean, prentsaurrean.
Aurten, 15garren urtez banatuko dute Katalogoa Euskal Herriko 200dik gora udal eta mankomunitatek, tartean Buruntzaldeko herriek, eta eraginkortasunaren berri izateko azterketa egiteko eskatu zioten Aztiker enpresari. Datuek eraginkorra dela erakutsi dute: «Katalogoa ezagutzen dutenen artetik, %88k adierazi du irakurri edo begiratu duela eta %72k, berriz, produkturen bat erosteko erabili duela», gaineratu zuen Zubiriak.
Katalogoa banatzen den eta banatzen ez den antzeko bi herri ere konparatu dituzte, Arrasate eta Eibar, eta emaitza honakoa: «Eskuratu diren datuen arabera esan daiteke, Katalogoaren moduko produktuak herrian zabaltzeak baduela eraginik euskerazko produktuen kontsumoan. Arrasaten %45ek euskerazko produktuak erosten ditu eta Eibarren %28k».
Euskerazko liburuak,
jolasak, musika...
Katalogoan euskerazko produktu ezberdinak aurkitu daitezke, 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako: liburuak, aldizkariak, musika, jostailu eta jolasak... Paperezko edizioko 140.000 aletik gora banatuko dira buzoneo edo ikastolen bidez. Eta horrez gain, interneteko edizioa dago: www.katalogoa. org.
Osteguneko prentsaurrekoan Galdakao eta Igantziko alkateak eta Diputazioko euskera zuzendaria izan ziren. Guztiek Katalogoaren garrantzia azpimarratu zuten, «euskeraz bizitzeko».