Orain dela bi urte bezala, aurten ere Hernaniko ahots eta gitarra doinua nagusi izan da Gipuzkoako Kantu Txapelketan. Orduko hartan Iosune Marin izan zen txapelduna; oraingoan, Ane Galardi, Nerea Berrotaran urnietarrarekin batera. Igandean hartu zuten parte finalean, Donostiako Antzoki Zaharrean eta Mikel Markezen Hiri hartan izan zen abestiarekin lortu zituzten txapelak. Kronikari azaldu diotenez, kanporaketan ikusitako mailarekin ez zuten espero halakorik lortzea eta oso pozik daude. Sari honek, kantuarekin jarraitzeko animo gehiago eman diela ere azaldu dute: «Ez dakigu Euskal Herriko txapelketan parte hartuko dugun, baina abesten jarraituko dugu seguru, bai Hernanin eta baita eskolan ere».
Galardi, abestiak sortzen
Kantuan Galardi eta Berrotaran, biak aritzen dira. Galardik, abesteaz gain, gitarra jotzen du. Eta bakarlari bezala ere parte hartu zuen igandean berak sortutako abesti batekin: Hitz hutsak. «Bera da artista», dio Berrotaranek. Abestiak sortzen jarraitzeko asmoa du Galardik.
Finalean, denera 14 partaidek hartu zuten parte eta tartean izan zen beste hernaniar bat: Naroa Jaka. Akelarre taldearen Malko bi abestia interpretatu zuen.