Era guztietako ogiak egiten dituzte Dorronsoro okindegian. Hamabost urte daramatzate lanean, eta ogibidea ederki ezagutzen du Dorronsoro familiak. Joxe Dorronsorok ireki zuen okindegia, eta egun, Eli eta Laura alabak ere bertan aritzen dira lanean; «zuek zarete etorkizuna», esaten die Joxek.
Orain berriz, bezeroei arreta zabalagoa eskaini nahi diete, eta ehundaka jaki eta edarirekin osatutako sekzio berria ireki dute Akarregi poligonoko okindegian. Lizeagako okindegian ere produktu horietako batzuk erosi daitezke.
«Bezeroek galdetzen ziguten hau edo hura ba ote genuen. Jendeari erosoa egiten zaio honaino kotxean etorri eta behar duena eskura izatea. Gainera, konturatu ginen igandetan erosketak egiteko aukera ez dela oso zabala Hernanin. Horregatik haunditu dugu denda», azaldu dute Eli eta Laurak. «Bestalde, kafea hartzeko edo gosaltzeko aukera ere badago. Jende dezente etortzen da goizean goiz, inguruko lantegietara lanera joan aurretik. Hala ere, gure betiko nortasuna mantentzen dugu; okinak gara, guk geuk egiten dugu ogia, gure obradorean. Horrek, aukera asko ematen dizkigu, bezeroen nahietara moldatzeko».
Kutixiak eta eguneroko jakiak
Denda berrian denetik aurkitu daiteke. Batetik, eguneroko jakiak erosteko aukera dago: olioa, kakaoa, arrautzak, tomatea, mahonesa, esnea, galletak... Prestatutako janaria ere izaten da, etxera eraman, berotu eta jaten hasteko prest.
Bestalde, ukitu bereziko produktuak ere eskaintzen dituzte: alkoholdun edariak, marka ezaguneko galletak, bertako eztia, turroia, bonboi eta gailleta kaxa bereziak, foie grass-a, ahate konfita, esparragoak, kontserbak, urdaiazpikoa... Opari polit bat erosteko edo, gonbidatu egin gaituztela-eta, afaltzera esku hutsik joan behar ez izateko aukera polita dago dendan, baita igandetan ere. «Berritzea gustatzen zaigu, eta denda hau da horren adibideetako bat. Okin izaten jarraitzen dugu, hori da gure izaera, baina dendarekin, zerbitzu berri bat gehiago eskaini nahi diogu bezeroari», azaldu dute ahizpek.
Kalitatea, gertu
Produktuak aukeratzeko orduan, «bertako produktuei garrantzia ematen» dietela aipatzen dute. «Bertakoa ona bada, zertarako bilatu kanpoan?». Horrela, eztia adibidez, hernaniar bati erosten diote, baita beste produktu batzuk ere.
Era berean, tokian tokiko enpresa txikiak sustatzea nahiago dute: «gurea bezalako enpresekin, familiartekoak eta txikiak direnekin, lotura haundiagoa dugu».
Produktu jakin batzuekin ireki dute denda, baina azken batean, bezeroari behar duena eskaintzea da asmoa. Horrexegatik azpimarratzen dute, «bezeroen eskaerei irekita gaude».
Ogia, okindegiko mamia
Kutixiz beteta dago orain, Dorronsoro okindegiko denda. Baina, okindegiko kutixirik haundiena, ogia bera da; hortxe dago Dorronsorotarren negozioko mamia.
Ogi-mota bat baino gehiago erosi daiteke bertan. Berrikuntzak etengabe egiten dituzte, eta bezeroen beharrak asetzen saiatzen dira. «Ahal den neurrian, bezeroek eskatzen dutena egiten dugu, okinak baikara. Ogia guk geuk egiteak, gure obradorean, ematen duen aukera da hori».
Betiko ogia egiteaz gain, jendeak gero eta gehiago eskatzen dituen ogi-mota berriak egiten dituzte orain. Beste batzuen artean, arto-ogia, edota moldezkoa. Azken hau, fibrazkoa, zerealezkoa edo normala izan daiteke.
Gozoen artean, roskoa errege
Ogiaz gain, gozoak eta bolloak ere egiten dituzte Dorronsoro okindegian.
Gabonak gertu direla-eta, makinak prestatzen hasiak dira, gozoetan gozoena egiten hasteko; errege roskoa, alegia.
Santo Tomas egunaren bueltan hasten dira normalean, lehen roskoak egiten. «Ohitura gero eta haundiagoa du jendeak, Gabon gauerako edo Eguberri egunerako roskoa eramateko».
Gustuak ere, denetarikoak ditu jendeak. Horregatik, era guztietako roskoak egiten dituzte: kremazkoak, natazkoak, biak nahastuta, ala hutsak. Tamaina aukera ere haundia da.
«Onena izaten da, nahi den rosko mota aurrez eskatzea. Guk aurrikuspen bat egiten dugu, aurreko urteko eskaerak kontuan hartuta, baina batzuetan gertatzen da baten bat azken momentuan etortzen dela, eta ez dela geratzen nahi duen erako edo tamainako roskoa».
Bi saski zozketan, aurten
Gabonen bueltan, bezeroen artean sari bat zozketatzen dute urtero, Dorronsoro okindegian. Orain arte, 500 euroko saria ematen zuten, baina bezeroei kasu eginez, saria banatzea erabaki dute aurten.
«Sari bakarra eskas geratzen zen bezero batzuen ustez. Orain gainera, bi denda ditugu. Horregatik, aurten, 500 euroko sari bakarra zozketatu beharrean, 250 euroko balioa duten bi saski zozketatzea erabaki dugu, denda bakoitzean bana».
Bi saskiak bete-beteak daude, gainera. Txoko berrian salgai dituzten produktuak aukeratu dituzte saskiak osatzeko, «jendeak ezagutu dezan zer eskaintzen dugun».
Bertako produkturik onenek, eta kanpokoak izanda ere, marka ezaguneko jaki eta edariek osatzen dituzte bi saskiak: turroiak, kafea, atuna, sardinak, ahate konfita, gazta, txanpaina, urdaiazpikoa, oliba olioa, angula surimia, ardo gorri eta beltza, txakolina, foie grass-a, piperrak, mermelada, belar likorea, galletak...
Aukera ezinhobea izango dute saskien irabazleek, dendako produktuak dastatzeko. Gabonetan ia ezinbesteko bihurtu diren jaki eta edari goxoak ere eskura izango dituzte.
ORDUTEGIA
Akarregi poligonoko denda:
Astelehenetik ostiralera: 05:30-14:00/16:00-20:00.
Larunbatetan: 05:30-14:00/17:00-20:00.
Igande eta jaiegunetan: 07:00-14:00.
Lizeaga kaleko denda:
Astelehenetik larunbatera: 07:15-14:00/17:00-21:00.
Igande eta jaiegunetan: 07:15-14:00.
ZERBITZUAK
Mota guztietako ogiak: ohikoa, arto-ogia, moldezkoa (fibrazkoa, zerealezkoa edo normala).
Nahi adina gozo eta bolleria (Errege Roskoak barne).
Kutixien txokoa: bertako produkturik onenak, marka ezagunak, eguneroko jakiak, prestatutako janaria, eta kutixi bereziak, oparitarako ere egokiak.
SASKIA
Aurtengo gabonetan bi saski zozketatuko dira (denda bakoitzean bat), 250 euroko balioa dutenak. Dendan aurkitu daitezkeen produktuak bildu dituzte saskietan: galletak, foie grass, esparragoak, ardoa, urdaiazpikoa, eztia, turroia, gazta...