Hiru abeslariak Gipuzkoako Kantu Txapelketako finala jokatzeko sailkatu dira. Ane Galardi hernaniarrak eta Nerea Berrotaran urnietarrak elkarrekin kantatuko dute, Mikel Markezen Hiri hartan izan zen kantua. Naroa Jaka hernaniarrak berriz, Akelarre taldearen Malko bi abestia interpretatuko du, bakarlarien kategorian. Ane Galardik ere bakarka parte hartuko du, berak konposatutako abesti batekin; Hitz hutsak.
Maila altua
Duela bi aste Arrasaten egin zen kanporaketa saioan hartu zuten parte hiru abeslariek.
Bertan, gainontzeko partehartzaileak entzun ahal izan zituzten, eta hirurak bat datoz balorazioa egiteko orduan: «oso maila altua dago. Batzuk helduak dira gainera; nabaritu egiten zaie ohituta daudela eszenatokira, esperientzia eta segurtasuna dituzte. Horregatik, ez gaude urduri; ez dugu askorik espero!».
Kantatzen ohituta
Galardik eta Berrotaranek lehenago ere hartu izan dute parte txapelketa honetan, baina sekula ez, elkarrekin. Institutuan Euskararen Eguna ospatu zenean elkarrekin kantatu zuten, eta orduan sortu zitzaien ideia, txapelketan elkarrekin parte hartzeko.
Naroa Jakak berriz, lehenengo urtea du. «Kantu eskolak hartzen hasi naiz aurten, eta irakasleak konbentzitu nau txapelketan izena emateko». Bestalde, Galardik eta Jakak Hernaniko Musika Eskolako abesbatzan kantatzen dute. Berrotaranentzat afizioa da, baina hirurak ados daude berarekin: «lasaitzeko, barrua hustutzeko kantatzen dugu. Hitz egin beharrean, kantatu!».