‘Jakobian eraikina’ liburuaren itzulpenagatik Euskadi Saria jaso duzue zuk eta Xabier Olarrak. Arabieratik euskerara itzuli duzue. Elkarlanean egin duzue, nolatan?
Ogi hutsa liburua amaitu ondoren, bi aukera geneuzkan aurrean: Xukriren lanarekin jarraitzea, edo Jakobian eraikina itzultzea. Nik nahiago izan nuen aurrekoarekin jarraitu, eta Xabierrek heldu zion bestearen itzulpenari. Alegia, berak egin zuen lehen zirriborroa, `asto lana´ esaten dioguna, eta bion artean findu genuen lana. Badaki berak ere arabieraz, eskarmentu ikaragarria du itzulpengintzan, eta luxua izan da niretzat haren ondoan jardutea.
Zergatik aukeratu zenuten
liburu hori?
Xabierrek jo zuen begiz liburua. Ikusia nuen nik filma ere, baina ez nuen liburua irakurria. Berak proposatu ondoren irakurri nuen. Alaa Al Aswanik Egiptoko gizartearen erretratua egin du liburu horretan Eraikineko pertsonaien bidez; oso egoki, gure ustez, hango berri hobeto ulertzeko. Ustelkeria, itxurakeria, emakumeen egoera, erlijioa nola bizitzen duten, gizarte-mailak, homosexualitatea… gauza askoren berri azaltzen da liburuan. Salaketa-liburua ere bada.
Epaimahaiak, besteak beste, baloratu du arabieratik
euskerara zuzenean ekartzeko meritua. Izan ere, arabieratik
euskerara itzuli den bigarren liburua da. Arabiera dakizuen itzultzaile gutxi zaudete,
ezta?
Ez dugu beste inor ezagutzen. Bai gutxi-asko arabieraz eta euskeraz dakienik, baina ez itzultzen duenik.
Azaldu zenigunez, ‘Ogi hutsa’ itzultzea erabaki zenuen liburu egokia iruditu zitzaizulako, esaldi laburrak zituelako, estilo xumea erabiltzen zuelako idazleak,
hizkuntza gehiagotan ere bazegoelako laguntzeko… ‘Jakobian erakina’ren kasua nola izan da?
Obra honetan ere bagenituen beste itzulpenak: gaztelania, frantsesa eta ingelesa, eta biok ezagutzen ditugu hizkuntza horiek. Nonbait katramilatu, edo aukera baten edo beste baten alde egin behar dugunean… geure erabakiak hartzerakoan beste itzultzaileek zer irtenbide eman dioten ikustea beti da lagungarri. Eta hori konpartitua izatea, ba, primeran.
Ez du estiloan zer ikusirik. Esaldi luzeagoak edo bihurriagoak dira aurrekoaren aldean, oro har, eta hori euskeraz ematerakoan, ezagun du Xabierrek eskarmentu luzea, jakina.
Ogi hutsa liburuan ez nuen topo egin erlijioarekin, esate baterako. Sermoi luze hanpatuak agertzen dira hemen, aipuak eta formulak barra-barra; otoitzak eta profetaren esanak (hadizak)…
Pertsonaiek elkarri nola hitz egin behar zioten ere aztertu behar izan genuen: hika, zuka edo berorika. Bestalde, Xukrik ez bezala, idazle honek dialektoa erabili du ia elkarrizketa guztietan. Arabiera estandarra da ikasten duguna, eta dialekto batzuk urrunago daude beste batzuk baino. Egiptokoa, Marokokoa ez bezala, ezaguna dut, han bizi izan nintzelako bolada batez.
Pertsona- eta leku-izenak euskal grafiara moldatzeko ere eman genituen buelta batzuk, era askotara idazten baitira izen horiek han eta hemen. Orain Euskaltzaindiaren arauak ematen dizkigu pauta batzuk, baina orduan ez geneuzkan eskura.
Zer dute arabierazko lanek edo idazleek zure interesa pizteko?
Arabiar literatura itzulpenen bidez ezagutu dut neuk ere, eta, klaro, batzuk bai beste batzuk ez. Hala ere, literaturatik baino gehiago, hizkuntza-zaletasunetik abiatuta egin dut orain arteko bidea. Arabiera ikasten hasi nintzen (ez nekien orduan zertan sartzen ari nintzen!); puntu batetik aurrera ezin utzi, `inmersio´ bolada batzuk egin Sirian eta Egipton, eta hortxe nenbilen, ez hara ez hona. Ogi hutsa itzultzeko aukera etorri zen halako batean, eta heldu nion, hizkuntzari eusteko eta literatur itzulpengintzan hasteko asmotan. Gero, beste honetan aritu nintzen Xabierrekin, eta badut bide horretan jarraitzeko asmoa.
Epaimahaiak baita ere kontuan izan du, Egiptoko kultura gurera gerturatzeko ahalegina. Izan ere, kontakizuna Kairon kokatzen da, 1990ean, Golkoko gerra garaian, eta esan duzun bezala, ustelkeria, esplotazioa... nahasten dira. Ze aportatuko dio liburu honek hemengo irakurleari?
Egiptoko errealitatea hobeto ulertzeko bidea eskaintzen du. Oporretan joaten garenean ikusterik izaten ez duguna. Eta han bizi izanda ere, nik ez nituen jaso Al Aswanik kontatzen dizkigunetariko asko eta asko.
Euskadi Itzulpen Saria jaso izanak ze esanahi du zuretzat?
Egindako ahaleginaren eta lanaren errekonozimendua da, besteak beste, hori bai. Nolanahi ere, atzera begira jarri nau ni sariak, sari konpartituak, eta esker ona besterik ez dut ia. Sari banaketa ekitaldian izan ginenean esan nuen: bizitza erdia EIZIE elkartearen egoitzan lanean, itzultzaile artean, eta duela bi baino ez, neu itzultzaile. Elkartean ezagututako lagun eta adiskideen laguntza eta babesa izan ditut bidean, hori gutxienez, itzultzen hasi baino askoz lehenago ere, eta horrexek pizten dit sekulako esker ona. Bidelagun ugari izan dut, itzultzaileak eta itzultzaile ez direnak.
Orain Xukriren ‘Hutsegiteen garaia’ (trilogiaren 2. liburukia) lanaren itzulpenarekin ari zara. Noizko argitaratzea aurreikusten duzu? Asmoa zein da, trilogia osoa egitea?
Bai, horrekin ari naiz, ahal dudan neurrian. Datorren urtean kalean izatea espero dut.
Al Aswanik jakin du sari honen berri...
Xabierrek sariaren berri eman zion Al Aswaniri, eta ekitaldian irakurtzeko testutxo bat bidali zion. Harentzat, idazteak dakarren saria da: «Jendeak zure ideiak jasotzen dituela, zuk idatzitakoa irakurri eta ulertzen duela –hainbat hizkuntzatan–, eta zuk idatzi duzun horrek, beharbada, jendearen pentsakera eta mundu ikuskera alda ditzakeela. Beraz, nire lanen itzulpenak sari handia dira; ohore bat niretzat, eta edozein idazlerentzat. 33 hizkuntzatara itzuli dira nire obrak, eta poza hartu nuen euskara 34.a dela jakitean. Estimatzen dut euskal irakurleak ere izatea, eta nire lanak gustuko izatea espero dut».
‘Jakobian eraikina’
Arantzazu Royok aukeratutako bi pasarte:
Eraikinekoen ziztrinkeria eta harropuzkeria jasan behar izan zituen Tahak [atezainaren semeak], bere ametsa betetzeko. Txikitatik lagundu zion aitari lanean. Buru onekoa eta
ikasketetarako argia zela garbi gelditzen hasi zenean, jarrera desberdinak hartu zituzten
bizilagunek: batzuek ikastera animatzen zuten, eskupeko onak ematen zizkioten eta
etorkizun oparoa aurreikusten zioten. Eta beste batzuek –gehienak– pentsatzen zuten: `Atezainaren semea, hain argia?´, eta, nolabait, gogaikarri zitzaien hala izatea. Aita
bereganatzen saiatzen ziren, eskola utzitakoan lanbideren bat ikas zezan Tahak.
—Hobe du ofizioa ikastea; hobe zuretzat eta hobe beretzat –esaten zioten Xazli
zaharrari, beraren
etorkizunaz kezkatuko balira bezala.
Taha gazteak zer tratu jasotzen duen erakutsiko digu idazleak; zergatik, eta atezainaren semea izateagatik. Buruargia eta saiatua bai, baina atezainaren semea betiere. Aurrerago, bere ametsak nola zapuzten diren, zer erabaki hartzen dituen, eta horrek zer ekarriko dion azaltzen digu idazleak. Latza. Pertsonaia klabeetako bat da Taha.
---
[Busaina] Urte hartan zehar konturatu zen, halaber, zeharo aldatua zela ama. Jazarpena zela-eta Busainak lan bat uzten zuenean, amak isiltasunez hartzen zuen berria, ia zapuzturik. Lana behin eta berriro uzten zuela ikusirik, egun batean hala esan zion Busainari gelatik ateratzeko jaiki zenean:
—Irabaz dezaken xentimo bakoitza behar diten ume horiek. Neska azkarrak ikasi beharra zaukan bere burua zaintzen, lana galdu gabe.
Esaldi horrek tristuraz eta harri eta zur utzi zuen Busaina, eta bere artean egiten zuen: `Nola zaindu neure burua, nagusia galtzak askatzen hasten denean?´. Txundidura ez zitzaion joan hurrengo asteetan, harik eta Fifi, lisatzailearen alaba eta etxegaineko bizilaguna, Busaina lan bila zebilela jakinik, Xananen dendan saltzaile-lana eskaintzera etorri zitzaion arte. (…) Argitu zion nagusien %90ek halaxe egiten zutela berentzat lan egiten zuten neskekin; kaleratu egiten zituztela uko egiten zietenak, eta lanpostua onartzen zuten beste batzuk hartzen zituztela haien ordez.
Busaina da beste pertsonaietako bat. Sexu-jazarpenaz ere hitz egiten digu idazleak.