Irati Sarasua Arabaolaza
Lasterketa luzeetako korrikalaria zara, zein da esku artean duzun proiektua?
Gaur hasi eta azaroaren 25ean amaituko den lasterketa bat, Monte Karlon (Monako). 1.300 metro dituen zirkuitu itxian ahal bezainbeste kilometro egitea da helburua. 40 korrikalarik hartuko dugu parte, iaz, munduko lehenengo 100 korrikalari onenen artean sailkatu ginenak. Niretzako ohore bat da hautatua izatea.
Nola prestatu duzu Monakoko lasterketa?
Entrenatzailea eta eskema bat ditut lasterketak iraungo dituen egun guztietarako, eta abuztutik nabil eskemak dioen guztia egiten. Eskemaren arabera, egunean 16 ordu korrika pasako ditut eta zortzi geldirik. Horrelako lasterketa asko egin dituen gizon baten arabera, egunean ordu eta 20 minutu lo egitea nahikoa da. Lasterketak bere arriskuak ditu gure gorputza mugetara daramagulako proban zehar.
Ez dizu beldurrik ematen?
Beldurra ematen dit bai, jakina. Senideek ere esan ohi didate, baina bizitza honetan zerbait gertatu behar bazait, gustatzen zaidana egiten izatea nahi dut. Gainera, segurtasun neurriak izango ditugu.
Zer da zuretzako korrika egitea?
Lasterketa bateko 200 metroko tartean barre eta negar egin dut, hori zoragarria da. Korrika egitea nire bizitza da gaur egun eta asko gustatzen zait egiten dudana.