GPSak nola funtzionatzen duen ikasi nahi duenarentzat aukera jarri du aurten Mendiriz Mendi elkarteak, hasi-berrientzat, Mendizale Astearen barruan. Ikastaroa lau egunekoa izango da: teorikoa, azaroaren 26tik 29ra; praktikoa, abenduaren 1ean. Klaseak, 19:30etatik 21:00etara izango dira, Jexux Azkueren eskutik.
Elkarteko bazkideei zuzendua dago, eta hamar lagunentzako lekua dago. Izena emateko, deitu telefono honetara: 943 332 745.
Datorren astelehenetik,
sei ekitaldi
Datorren astelehenean hasiko da Mendizale Astea, Hego Amerikako bost herrialdetako argazkiekin. Asteartean Ekaitz Maiz eskalatzaileak hitz egingo du, eskaladari buruz. Asteazkenean Hernaniko ibilbideak aurkeztuko dituzte, Hernaniko Udalak, Aranzadik eta Mendiriz Mendik. Ostegunean, eskaladako hiru igoera klasikori buruz hitz egingo dute, Navarro eta Rabada eskalatzaileen lanari jarraipena eginez. Ostiralean umeentzako tartea jarriko dute, urtean zehar egindako irteeretako argazkiekin. Horrez gain, Argazki Lehiaketako sariak banatuko dituzte. Igandean, Saratik Berara mendi ibilia egingo dute, Bazkide Egunean.
Gainera, aste guztian ikusteko moduan izango da Biterin erakusketa bat, Hernaniko mendi ibilaldiei buruzkoa.
Ekitaldi guztiak 19:30etan izango dira, Biterin.