Festa eguna dute gaur Karobi elkartean, Latsunbe-Marielutsen. 55 lagun inguru bilduko dira, Garagardo Festa egiteko, urtero bezala, eta afari ederra daukate zain, Alemaniako estilo konpleto konpletoan: kodilloa eta saltxitxak patata pure eta piperrekin. Postrea berriz, euskal seiluarekin: sagar tarta. Garagardoa, nahi adina.
Omenaldia, Etxeberriari
Omenaldiarekin hasiko dute festa, 20:30etan. Garbiñe Etxeberria hernaniarrari egingo diote omenaldia, emakumezkoen futbolagatik egindako lanarengatik. Urteroko ohitura dute elkartekide edo auzotar bat omentzea. Aurreko urteetan: Diaz de Cerio, Oier Mendizabal, Miguel Angel Garin, edo Boliche.