Duela bost urtetik hona, AMHER elkarteak Zine Zikloa antolatu ohi du inmigrazioarekin lotuta. Aurtengo zikloa gaur hasiko da eta gai nagusia emakumea eta inmigrazioa izango da. Denera, hiru film izango dira ikusgai eta azaroko datozen hiru ostiraletan emango dituzte. Guztiak dohainik izango dira, 19:00etatik aurrera, Sandiusterrin. Pelikulak, honakoak: Compañeras de viaje, Españolas en Paris eta Flores de otro mundo.
Emigratu behar izan duten emakumeak protagonista
Oskar Tejedor legazpiarraren dokumentala da gaurkoa: Compañeras de viaje (2011). Dokumental honek emigratu behar izan duten emakumeak jartzen ditu ikusmiran, gehienak latinoamerikarrak. Arrazoi desberdinengatik alde egin behar izan dute beraien herrietatik, batez ere, arrazoi ekonomikoengatik. Eta gauza bat dute komuna: atzean utzi behar izan dituzte denek seme-alabak. Aurkezpenean eta ondorengo elkarrizketan izango dira egileetako bat eta partehartzaile bat.
Emakume espainiarrak Parisen, 70 hamarkadan
Roberto Bodegasen Españolas en Paris (1971) izango da ikusgai gaur zortzi. 70eko hamarkadaren hasieran, 40.000 emakume espainiar baino gehiago ari ziren Parisen, etxeko lanetan. Ordura arte, horietako gutxik gurutzatu izan zuten muga eta gehienak beren herrietatik atera gabeak ziren. Lau emakumeren bizipenak kontatzen dira pelikulan.
Istorio gazi-gozoa
Iciar Bollainen Flores de otro mundo (1999) pelikulan, jai bati esker, ezinezkoak diren konbibentzien istorio gazi-gozoa hasiko da. Bertan elkartuko dira Patricia dominikarra, Milady kubatarra, Marirrosi bilbotarra eta Santa Eulaliako Alfonso, Damian eta Carmelo.