«Piezetan mugimendua adieraztea garrantzitsua da niretzat»

Kronika - Erredakzioa 2012ko aza. 11a, 01:00

Egurra eta harria lantzen ditu, batez ere, Gotzon Huegun eskultore hernaniarrak. Aquariumean ikusi daiteke, bere azken erakusketa.

‘Ura eta Egurra’ erakusketa inauguratu berri du Gotzon Huegun eskultoreak Donosti­a­ko Aquariumean. Urtarrila­ren 2ra arte ikusi ahal izango da, eta egun jakin batzuetan, doan: azaroaren 24ean eta abenduaren 15 eta 29an, besteak beste, arratsaldeko 17:00etatik 20:00e­ta­ra bitartean.

Bixente Zaragueta lagun
Ostegunean inauguratu zen erakusketa, eta Gotzon Hue­gu­nek ez zuen prentsaurrekoa bakarrik eman. Hain zuzen, Aquariumeko zuzendari hernaniarra, Bixente Zaragueta izan zuen lagun. Eskerrak eman zizkioten elkarri. Huegunek Zarague­ta­ri, «erakusketa jartzearen alde egin duelako, eskuzabal jokatuz». Zaraguetak Hueguni be­rriz, «egurrezko tailak maite di­tudanez, eta hernaniarra naizenez, ohore bat delako zure erakusketa Aquariumean jar­tzea. Segi aurrera Gotzon, beti aurrera, arrakasta izango duzu eta!».

Kontenplatu dezatela
Huegunen esanetan, «erakusketan ez dago zerbait konkretua transmititzeko helbururik. Jendeak kontenplatu ditzala obrak, eta bakoitzak behar duena jasoko du. Begietatik sartzen diren lanak egiten saiatu naiz, gozamena eragiteko». Ikusten dituen irudi ba­tzuek indarra dutela iruditzen zaionean, egur tailara eramaten ditu. «Piezetan mugimendua adie­raztea adibidez, garrantzi­tsu­a da niretzat. Erakusketa ho­netako taila haundienean hi­dro­genozko bi partikula suba­to­mikoen kolisioa irudikatu dut, fisika kuantikoko erreportaje bateko nanoargazkian ikusi bezala. Fisiko batek zoriondu egin ninduen, oso ondo irudikatu nuelako. Pedro Migel Etxenikek ikustea nahi nuke». Era honetako eskulturekin Huegunek erakutsi nahi du egur taila modernoa ere izan daitekeela. «Etxerik modernoenean ere ondo geratzen dira egurrezko tailak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!