«Behobia 20 aldiz egiteko sekretua da, lasai-lasai abiatzea»

Kronika - Erredakzioa 2012ko aza. 11a, 01:00

Behobia-Donostia herri lasterketak inoizko jende gehiena bilduko du gaur, ia 26.000 lagun. Horien artean izango dira bi herna­niar, proba ondo baino hobeto ezagu­tzen dutenak, 1993tik huts egin ga­be proba hau egin dutenak: Ibon Iriondo (Hernani, 1974) eta Xabat Aizpiolea (Hernani, 1977). Batek 19 urte zituen lehenengo aldiz atera zenean, eta besteak 16 urte. Murua fa­milia hernaniarreko 3 generazio ere izango dira: Joxe Mari, haren seme Aitor, eta Ander eta Aitor bilobak.

Nola gogoratzen duzue zuen lehenengo 1993 urteko Beho­bia-Donos­tia lasterketa hura (aurrerantzean, ‘Behobia’)?
Iriondo: Nik Behobia egin nuen, aurreko urtean joan ginelako koadrilako batzuk ikustera Gaintxurizketara. Haiek arraunlariak ziren, eta entrenatzeko egiten zuten. Frexko nola ikusi nituen, parrez-eta... Animatu egin nintzen. «Ni ere hurrengo urtean atera egingo naiz». Gogoratzen naiz, irteeran denbora pila bat itxoin behar izaten genuela.
Aizpiolea: Dorsala ere bakarra izaten zen, kolorerik gabea. Lehenengo jartzen zena, hura ateratzen zen lehendabizi. Iriondo: Bukaera zen Bulebar zaharrean, orain peatonala egin duten horretan. Eta bukatzen genuen, udale­txe atzean, portuaren sarreran. Eta gogoratzen naiz han kamioia egoten zela eta kamixetak ematen zituztela. Kris­ton jendetza gogoratzen dut, eroa-bezala denak kamixetak hartzen… hiruna edo launa igual batzuk eta… Aizpiolea: Nik aurreko urtean osaba ikusi nuen. Eta pentsatu nuen: «datorren urtean ni». Eta berarekin. Biek egin genuen, batera. Atze atzean atera, ez dakit 6.000 lagun edo zer izango ginen garai hartan, eta lasai-lasai Bulebarreraino.

Eta ondo bukatu al zenuten?
Aizpiolea: Bai, bai, ondo. Ni gogoratzen naiz etxera ailegatu eta izeba galdezka, ea korrika egin ote genuen-edo… Hark ez zuen esfortzu haundirik ikusi gure aurpegian. Fisikoki ondo bukatu nuen.
Iriondo: Ni bukatzera ate­ra nintzen, beste asmorik ga­be. Eta arratsaldean, latzak pa­sa nituen. Gogoratzen naiz, etxetik Plazara igotzeko nahiko lanekin e! Aizpiolea: Ni artean bizikletan ibiltzen nintzen eta, pretenporada eginda, fisikoki ondo bukatu nuen.

Geroztik beste 19 aldiz prestatu zarete Behobiarako. Zer du Behobiak? Karrera asko daude urtean zehar…
Iriondo: Hasteko, koadrilako giroa genuen. Koadrilakoak erabiltzen zuten Behobia prestakuntza bezala arraunerako. Eta beti hasten ziren, «batek egin du halako denbora, besteak bestea»… Eta zu ere hasten zara berdin, urte batean marka bat, hurrengoan hobetu… Azkenean ohitura bezala hartzen duzu. Eta horri erantsiz gero, kazkagorra zarela, eta Behobia gero eta gehiago pilatu dituzula… Azkenean pentsatzen duzu: «segi egingo dut». Holako proba batek ematen dizu prestatzeko eta kirola egiteko motibazioa.
Aizpiolea: Hasi eta ohitura bihurtu da azkenean. Egon dira urteak entrenatu gabe ate­ra garenak ere, baina atera.

Hasierako hartan ze denbora egin zenuten?
Aizpiolea: Ordu bat eta berrogeita bost minutu. (1:45)
Iriondo: Bat berrogei (1:40)

Lehengo Behobia edo oraingoa?
Iriondo: Orain jende gehiegi da aukeran.
Aizpiolea: Aurten ia 26.000 badira.
Iriondo: Baina beno, mailot kolorearen kontuarekin agobio horiek asko joaten dira (Iriondo horiarekin aterako da aurten).
Aizpiolea: Kajoiak jarri dituzte, eta horrela sailkatuta askoz hobeto.

Karrera buruz jakingo duzue ba? Zer ezaugarri ditu Behobiak? Bat, aldapa dexente dauzkala ezta?
Aizpiolea: Asko. Jendeak Gain­txurizketari eta Mira­kru­zi ematen dio garrantzia, bai­na gehiago dira. Irun, aldapa gora izaten da. Gaintxu­riz­ketatik Lezora bitartekoa ere gora-behera askokoa da.
Iriondo: Normalean, ikusita nola joaten diren karrerak, Gaintxurizketa arte jendea azkarregi ateratzen da. Gero zer pasatzen da: ahitu egiten zarela… baina nik uste dut Behobia dela karrera bat bigarren zatia azkarrago egiteko.

Eta momentuero nola dakizue zer moduz zoazten?
Aizpiolea: Ni gehienbat sen­tsazioen arabera joaten naiz Behobian.
Iriondo: Hainbeste aldiz eginda, buruz dakizu kilometro bakoitzean nola joan beharko zenukeen, eta nola zoazen.

Urtean beste karrera pila bat egiten dituzue.
Iriondo: Nik lehengo urtean egingo nituen 30 inguru.
Aizpiolea: Triatloiak 10-12 inguru, eta krosak beste 10 bat edo horrela.

Triatloiak ere bai…
Iriondo: Nik orain ez. Bizi­kle­tan ibiltzen naiz udara aldean, hori bai. Udaberria iristen de­nean tartekatzen hasten naiz bizikleta eta korrika.
Aizpiolea: Behobiako ga­raian ez. Garai honetan korrika ibiltzen naiz ni, triatloiaren parte denez… kros ba­tzuk-eta… Hori bukatuta ha­si­­ko naiz prestatzen, datorren uztaileko Iron Mana.

Zenbat Iron Man egin dituk, Xabat?
Aizpiolea: Lau. Eta bosgarrena, ondo bidean, uztailean.

Eta triatloiak?
Aizpiolea: Ehun inguru. Segu­ru ezin esan, dortsal ba­tzuk falta zaizkidalako zehatz esateko.

Nola preparatzen zarete Behobiarako?
Iriondo: Urtean zehar geldirik ez naiz egoten, baina Beho­biari begira abuztua-irailean hasten naiz. Aste­le­he­nean beti deskantso. Astear­tean, motorra berotzen hasten naiz. As­teazken eta ostegunean se­rieak pistan (1.000 metrokoak normalean). Eta ostiralean ka­rrerari begira lasaiago, eta aste bukaeran karrera edo dena delakoa.
Aizpiolea: Nik ere berdin­tsu, baina deskantsu eguna txan­datu egiten dut. Ni Beho­biari begira abuztu bukaeran hasten naiz. Ordura arte triatloietan ibiltzen gara.

Orduan, ia egunero entrenatzen duzue…
Iriondo: Nik sei egunetan. Eta deskantsua, egin behar delako, bestela hori ere ez. Aizpiolea: Nik lau egun korrika, eta beste bi igeri.

Zenbat denbora entrenamenduro?
Aizpiolea: pare bat ordu.
Iriondo: nik ordubetetik ordu t’erdira.

Nora joaten zarete entrenatzera?
Biak: Osiñaga aldera, Martu­te­nera… inguruan ibiltzen gara.
Aizpiolea: Ni kiroldegira ere bai.

Eta dietarik edo ba al duzue?
Aizpiolea: Neri kosta egiten zait dieta kontu hori.
Iriondo: Behobia garaian bai, jatenari kontu egiten diot. Pixkanaka ikasi egin dut. Kantidadeak neurtu eta janari garbiak jan. Haragia eta saltsak kendu, eta berdura asko… hortik aurrera…

Eta pultsometroa ere biek ibil­tzen duzue. Behar beharrezkoa?
Iriondo: Gomendagarria bai. Baina jakin egin behar da, ze bai, zuk jartzen duzu pultsometroa eta markatzen dizkizu pultsazioak… baina zenbat pultsaziotara joan behar duzu? Horretarako esfortzu proba egin behar da. Eta horrek markatzen dizkizu balore batzuk. Nik urtero egiten dut.
Aizpiolea: Nik ere bai.

Zein da zuen markarik onena Behobian?
Iriondo: Ordu bat eta hamahiru (1:13), lehengo urtean
Aizpiolea: Ordu bat eta hogeita bi (1:22), 2001ean.

Eta aurten ze asmo?
Aizpiolea: Bat hogeita bostekin gustora.
Iriondo: Antzeko asmoa.

Eta gomendiorik gaur lehenengo Behobia dutenei?
Aizpiolea: Oso erreza. Ordula­ria etxean utzi, eta lasai atera.
Iriondo: Entrena­men­due­tan gozatu behar dela, eta han disfrutatuz gero, karreran disfrutatuko dutela. Eta ahaztu­tzeko denbora egite hori, eta abituallamenduetan gelditu behar badute gelditzeko, ura edan… eta denborak egiteko urteak iritsiko dira.

Faboritoren bat?
Iriondo: Revuelta-edo… bada bat ona hor Eibarkoa edo. Asier Cuevas ere bai… Aizpiolea: Orain nola beka daukatenak ez diren etortzen… errekorra hobetuko duenik eta behintzat, ez dut uste izango denik.

Eta zuek? Beste hogei urterako asmorik bai?
Biak: urtetik urtera joan beharra dago. Honaino horrela iritsi gara-eta… Bizitzak buelta asko ematen ditu.


Hanketako arazoak:

«Ez dizkik pintatu e!»

Astean 6 egunetan korrika eginez gero, hankek sufritzea normala izaten da. Arazo asko behatzek eta azkazalek ematen dituzte: belztu eta erori ere egiten omen dira maiz. Iriondok eta Aizpioleak broman hartzen dute hala ere, hain erneagarria dirudiena, itxura batean: «Ez dizkik pintatu e!» dio Aizpioleak, Iriondoren azkazal belztuei begira. Eta segidan: «Hori pasatzen dek azkarregi joateagatik!». Iriondok konpleju haundirik gabe erakutsi dio argazki kamarari bere hanka, eta lagunari erantzun: «bakizu zer pasatzen dan? Hain azkar joanda, gero frenatu egin behar dela!». Aizpio­leak errematea: «eske honek hankakin frenatzen dik eta nik postea behar dit frena­tzeko!».
Dena dela, arazo horiek ondo ezagunak dituzte korrika dabiltzan gehienek. Hor ez omen du eraginik oinetako bat edo beste ibiltzeak, dio Iriondok, Zapateroak, erraminta klase hori ofizioz ezagu­tzen duenak: «Bat edo beste ibili, alde haundirik ez dago. Nik ibili ditut Mizunoak, Asics-ak eta abar... Xabatek ere Brooks-ak darabilzki. Estuegi lotzeagatik ere ez da. Dena dela, ez da hainbesteko molestia. Korrika berdin berdin segitzen dugu».
Gainerako lesioei buruz galdetuta, honela diote: «Korrika egitea agresiboa da, eta tendinitisak eta sobrekargak normalak dira. Inportan­tea da ondo entrenatzea, eta ondo deskantsa­tzea, hurrengo egunean errekuperatu eta ondo egoteko. Beharrezkoa estiramenduak… eta masajea… nik uste dut denaren batuketa dela.
Korrika non egiten den ere bai. Beti asfaltoan egin beharrean, pistan, belarretan, edo kiroldegiko zintan… asfaltoak erretzen du gehiena».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!