Gaur hasiko da Binakako Txapelketa Nagusia. Lehenengo bi partiduak gaur jokatuko dira Galarretan 16:00etatik aurrera. Aurrez aurre izango dira, alde batetik, Ezkurra-Olazar eta Oñatz-San Miguel; eta bestetik, Zeberio II-Aizpurua II eta Uterga-Etxeberria III. Denera, 6 bikotek hartuko dute parte. Tartean da, Endika Barrenetxea hernaniarra. Abenduaren 8ra bitarte ligaxka jokatuko da, abenduaren 15ean finalerdiak eta abenduaren 22an final haundia. Zeberio II eta Ion iazko txapeldunen ordezkoak zeintzuk izango diren erabakiko da.
Denek denen aurka
jokatuko dute
Oriamendik asteazkenean aurkeztu zuen txapelketa eta aurtengoak sistema berria izango duela azaldu zuten, «orain arte pelotan erabili ez dena».
Lehenengo, ligaxka jokatuko da eta bertan, jokalari guztiek talde berdinean jokatuko dute eta denak denen aurka neurtuko dira. Denera, 15 partidu jokatuko dira. Dena dela, sailkapena ez da izango irabazitako partiduen arabera, lortutako puntuen arabera baizik. Puntuak honela banatuko dira: partidua irabazten duen bikoteak lau puntu lortuko ditu. Bikoteak partidua galtzen badu, baina 36 eta 39 tanto bitartean lortzen baditu, bi puntu lortuko ditu. 32 eta 35 tanto bitartean lortzen dituenak puntu bakarra lortuko du eta 32 tanto baino gutxiago egiten dituenak ez du punturik izango.
Lehenengo fase honetan puntu gutxien lortzen dituzten bi bikoteak kanporatu egingo dira. Gainerako lau bikoteek finalerdiak jokatuko dituzte partidu bakarrera. Lehenengoak laugarrenaren aurka jokatuko du eta bigarrenak hirugarrenaren aurka.