Batez ere etorkinei zuzendutako elkartea da Banaiz Bagara. Euskara erakutsi eta kultura ezberdinen arteko harremanak sustatzea da elkartearen helburua.
Asmo horrekin, cricket jardunaldia antolatu du elkarteak gaurko. Goizeko 10:30etatik aurrera, bi pakistandarrek cricketean jokatzen erakutsiko dute, Elizatxo ikastolaren Gabriel Zelaia eraikineko futbol zelaira gerturatu besterik ez dago. Herritar guztiei parte hartzeko deia luzatu diete. Amaieran, luntxa egingo dute.
Kirol hedatuenetakoa, munduan
Nazioarteko Cricket Federazioak 100 herrialde baino gehiago biltzen ditu. Munduan dagoen bigarren kirolik hedatuena dela uste da, eta nondik datorren oso argi ez badago ere, XIV edo XV. mendean sortu zela uste da.
Cricketean jokatzeko egungo modua Ingalaterran sortu zen, eta oso kirol hedatua da Commonwealth osatzen duten herrialdeen artean, besteak beste, India, Pakistan, Bangladesh, Sri Lanka eta Australian.
Lasterketa gehien egiten duena, irabazle
Cricketean jokatzeko, 11 jokalariz osatutako bi talde behar izaten dira. Batea eta tenis pelota baten tamaina antzekoa duen pelota gogor bat erabiltzen dira jokorako.
Bateatu behar duen taldea da lasterketak egiten dituena. Binaka jokatzen dute bateatzaileek. Cricket zelaiaren alde banatan jartzen dira; batek pelota botatzen du, aurkako taldearen wicketa jotzeko asmoz (wicketa egurrezko 3 zutabeek osatzen dute), eta aurkako taldeko bateatzaileak ahalik eta urrutien bota behar du pelota.
Momentu hori aprobetxatzen dute taldeko jokalariek ahalik eta lasterketa gehien egiteko. Bitartean, beste taldea bateatzaileak eliminatzen saiatuko da. Denak eliminatzean bi taldeen papera aldatu egingo da. Azkenean, lasterketa gehien egiten duen taldeak irabaziko du.