Goizeko festa errematatzeko, Ordiziaren aurkako lehia bizia

Kronika - Erredakzioa 2012ko aza. 10a, 01:00

Hernanik Ordiziaren aurka jokatuko du gaur 16:00etan Landaren. Derbia dela eta, Gipuzkoako errugbiaren festa antolatu dute Berriak merkatarien elkar­te­ak eta Errugbi taldeak. Partidua hasi bitartean, ekintza ugari izango dira Plazan. Gainera, liga­ko partidua izateaz gain, Gipuz­koako Federazioko kopa ere jokoan izango da.

ERrugbi zaleek egun pasa ederra dute gaur Hernanin. Ordiziaren aurkako derbi erakargarria jokatzeaz gain, festa antolatu dute. Gipuz­koako errugbiaren festa izango da, hain zuzen, Berriak merkatarien elkarteak eta Errugbi elkarteak antolatuta. Horrez gain, gaurko partiduan, Gipuzkoako Federa­zioko kopa ere jokoan izango da.

Harrera udaletxean, bertso desafioa eta paella
Derbia arratsaldeko 16:00e­tan hasiko da Landaren eta bitartean, bi taldeetako zaletuak girotzeko, ekitaldi ez­ber­dinak izango dira. Goize­ko 11:30e­tan, harrera egingo zaie bi taldeei udaletxean. Ondoren, 12:00etan Plazan, bertsolari finenak zein herritako bertso eskolan dauden erabakiko da, Hernanikoan ala Ordizia­ko­an. Izan ere, bertso desafioa izango da Herna­niko selekzioaren eta Ordi­ziako selekzioaren artean. Bertsolariak honakoak izango dira. Her­nanitik: Eñaut Martikorena, Unai Gaztelu­mendi eta Asier Azpiroz. Ordiziatik: Aratz eta Endika Igarzabal, eta Gorka Maiz.
Bertso saioaren ostean, paella ederra probatzeko auke­ra izango da. Eta tripa ondo beteta, Landarera jaisteko dei egin diete zaletuei. Za­letuen jaitsiera Urumea txa­ran­gak lagunduta izango da. Hi­tzordua 14:30etan jarri dute.

Berdinduta dauden bi talderen arteko lehia
Hernani eta Ordizia berdinduta daude puntutan. Biek 14 puntu dituzte. Hernanik partidu bat gehiago jokatu du orain arte eta bosgarren postuan dago hiru garaipen eta hiru porrotekin. Ordizia laugarren dago hiru partidu irabazita eta bi galduta. Bi taldeek bina bonus lortu dituzte. Lehia bizia espero da beraz, gaurkoan.

Fitxaketa berriak, Ordiziak
Ordizia hazten joan den taldea da. Lehengo urtean kopa etxera eraman zuen eta ligan bigarren geratu zen. Denbo­raldi honetan, iazko zenbait jokalari falta ditu, esaterako, Tom Parker edo Freeman eta harrobiko Julen Goia eta Mungia. Dena dela, taldean jarraitzen dute lan bikaina egin ohi duten hainbat jokalarik: Simpson, Kroll edota Huxford. Etxeko jokalariak ere badira: Iruarriz, Puya­dena, Eulate... eta Aierbe kapitaina. Horrez gain, hainbat fitxaketa egin dituzte: Ignas Darkintis harroin (pilar) lituaniarra, Groenewal hirugarren lerrokoa, Sills azkarra eta Quarrie bigarren lerrokoa.

Kasta erakustera
Etxeko taldeak motibazio berezia du gaurko partidurako. Derbia, aurkari zuzena aurrez aurre, partidua etxean, festa eguna... Zaletuen aurrean, daukan kasta erakustera aterako da zelaira.
Sarrerak 10 euro balioko du. Errugbi elkarteko abonatuek dohainik izango dute sarrera.

EGITARAUA:
11:30etan, bi taldeei harrera udaletxean.
12:00etan, bertso desafioa Plazan: Hernaniko selekzioa vs Ordiziako selekzioa. Bertsolariak: Eñaut Martikorena, Unai Gaztelumendi eta Asier Azpiroz, Hernanitik. Aratz Igarzabal, Endika Igarzabal eta Gorka Maiz, Ordiziatik.
13:00etan, paella dastaketa Plazan.
14:30etan, zaleen jaitsiera Landarera Urumea txarangak lagunduta.
16:00etan, errugbi partidua Landaren: Hernani eta Ordizia aurrez aurre.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!