«Funtsean, bortizkeria saihesteko oinarria da, norbera eta besteak ondo hartzen eta zaintzen ikastea; harreman onak izatea. Eta harremanak nolakoak izan gure gain dago». Halaxe azaldu dio Ibon Arrizabalaga de Mingok Kronikari. Arrizabalaga de Mingo Arremanitz kooperatibako kidea da eta beste lau kiderekin batera, Hernaniko Tratu Onen Eskola zerbitzua jarri dute martxan. Udalak bi urtetarako kontratatu du zerbitzua, lau urtetara luzatzeko aukerarekin. Orain dela 5 urte, Harremonak egitasmoa jarri zuten martxan Hernaniko ikastetxeetan, tratu onak landuz, bortizkeria prebenitzeko bidean, eta egitasmo horren jarraipena da Tratu Onen Eskola.
Herri osora zabaltzeko asmoa, tratu onen kultura
Arrizabalaga de Mingok azpimarratu duenez, benetan eraginkorrak izateko, tratu onen kultura hezkuntza komunitate osora zabaltzeko beharra ikusi zuten, hau da, herri osora. «Ikasleekin landutakoak jarraipena izan behar zuen», dio. Hori horrela, ikastetxeetako ikasleetatik aparte, irakasle, guraso eta gizarte eragileengana iritsi nahi dute. Horretarako sortu dute Hernaniko Tratu Onen Eskola.
«Hernaniko beste talde eta erakundeekin elkarlanean, berdintasunaren eta sexu askatasunaren aldeko sarea osatuz joan nahi dugu, Tratu Onen Eskolaren barruan. Gazteek ikusten dutena ikasten dute. Eta horretarako, beraiek talde-lana eta elkarren zaintza barneratzeko, ez dago hoberik herrikideekin horretan aritu ahal izatea baino», diote.
Formazioa, Aholkularitza eta Saretzea
Hernaniko Tratu Onen Eskolak hiru ardatz izango ditu. Alde batetik, Formazioa izango da. Nahi duten irakasle, guraso eta gainontzeko eragileentzat formazio moduloak eskainiko dituzte. Orain arte bezala, nerabeekin ikastetxeetan egingo dute.
Bestetik, Aholkularitza izango da. Oinarrizko formazioaren osagarri moduan, abian jarriko dituzte helduentzako aholkularitza zerbitzuak, egunerokotasunean kontsultak egin eta zalantzak argitu ahal izateko. Telefonoz eta internetez izango da aukera. Gazteekin, Plax! sexuen aholkularitza zerbitzuaren bidez egiten dute, besteak beste.
Azkenik, Saretzea. Herri mailan, eragile eta herritar ezberdinen artean sareak jostea garrantzitsua dela diote komunitate zentzua indartzeko. Topalekuak eta guneak jarri beharra azpimarratzen dute. Ikasle eta gazteekin blogak eta Tuenti bidezko dinamizazioa badute, besteak beste.
Urte hauetan, emaitza onak
Harremonak izeneko egitasmoa 2008an jarri zuten martxan Hernaniko ikastetxeetan. Dena dela, aurretik 2007an, lehenengo esku hartzeak egin zituzten. Hernaniko ikastetxeetan tailerrak ematen hasi ziren berdintasuna eta sexu askatasunaren inguruan. Eta orain arte halaxe izan da, DBH 2, DBH 3, DBH 4, Batxilergoa eta Karmelo Labakako Kultur Dinamizazio zikloko ikasleekin aritu izan dira.
Emaitzak oso onak izan direla dio Arrizabalaga de Mingok. «Ikusten dituzu gure ikasle izandakoak Gaztetxeko parekidetasun taldean, talde feministan, gizon taldean... hori oso positiboa da. Kultur Dinamizazio zikloa ikasten ari diren ikasleek, berriz, praktikak egiten dituzte gurekin eta hori ere pozgarria da. Gure ikasle izan direnek interesa dute gurekin jarraitzeko. Tratu onak lantzen jarraitzeko asmoa dute. Etorkizuna ziurtatua daukagu, beraz».
Hernani, herri aproposa
«Hernanin aurrerapauso haundiak eman dira eta sortu diren egitasmoen aitzindaria izan da», dio Arrizabalaga de Mingok. Gero egitasmo horiek beste herrietara zabaldu izan dituztela gaineratu du. Plax! sexuen aholkularitza zerbitzua, esaterako.
«Hernani oso herri aproposa da dituen ezaugarriengatik eta dagoen mugimenduagatik. Aukera asko ematen du gaia garatzeko», azpimarratu du Arremanitzeko kideak.
Hilabetean behin,
Plax! zerbitzua gazteentzat
Tratu onen gaia ikastetxetik kanpo ere landu beharra ikusi zuten Arremanitzeko kideek. «Ez da bakarrik nerabeekin ikastetxe barruan landu beharrekoa», dio Arrizabalaga de Mingok.
Halaxe sortu zuten Plax! Plaxera plaxara sexuen aholkularitza zerbitzua. «Tratu onak ez dira bakarrik harremanak zaintzea, disfrutatzea ere bada. Eta hori oraindik gaizki ikusia dagoen zerbait da». Beraz, hori ere lantzen dute gazteekin. Hilabetean behin elkartzen dira adin ezberdinetako gazteak. Ez dago adin mugarik. Hilabeteko bigarren ostiraletan elkartzen dira Plaza feministan (Aristizabal, 7), 17:00etatik 20:00etara.
Saioak, bizipenetan
oinarrituta
Eraginkorra izateko, gauzak nola egin oso garrantzitsua izaten dela dio Arrizabalaga de Mingok. Hori horrela, saioak bizipenetan oinarritzen dituzte: «Arrastoa iraunkorragoa da. Hitzaldi interesgarri bat baino gehiago barneratzen da bizitakoa. Dena horrela lantzen dugu, jolasaren bidez, eztabaiden bidez... beraiek inplikatzea da oinarrizkoa. Esperientzia lehenesten dugu».
Zenbait kasutan, neskak eta mutilak banatuta
Gaur egun, nahiz eta eskolak mixtoak izan, oraindik neskak eta mutilak desberdin hezitzen direla azpimarratu du Arrizabalaga de Mingok. «Eta genero rolek desorekak eragiten dituzte askotan talde barruko dinamiketan. Horregatik, zenbait kasutan neskak eta mutilak banatu egiten ditugu. Izan ere, denak elkarrekin daudenean, neska askok ez dute ahotsik izaten mutilen aurrean. Banatuta daudenean, hitz egiten duten neskak gehiago direla ikusten dugu. Mutilekin berriz, bakarrik daudenean, beste esparru batzuk lantzeko aukera izaten dugu: sentimentuak adieraztea, errespetua... Gero berriz elkartzean, nabaritzen da egindako lana».
Hernanirekin lotura duten bost kide
Arremanitz kooperatibako bost lagun ari dira Hernaniko Tratu Onen Eskolan lanean. Guztiak sexologia eta berdintasun arloko adituak dira. Hernaniarra izatez, bakarra da, baina gainerakoek ere lotura zuzena dute Hernanirekin. Bertan bizi izan dira batzuk, Jabetze Eskolako irakasleak dira beste batzuk... Honakoak dira kideak: Edurne Mendizabal Tolosa hernaniarra, Clara Wolfram Perez, Asier Baglietto Gabilondo, Edurne Epelde Pagola eta Ibon Arrizabalaga de Mingo.
Kideek Hernanirekin lotura izateaz gain, bultzatu dituzten egitasmoak aurrera ateratzeko, beti aritu izan dira elkarlanean Hernaniko Udaleko Berdintasun Sailarekin eta Berdintasun Kontseiluarekin. Tratu Onen Eskolak ere babes osoa duela azaldu du Arrizabalaga de Mingok: «Berdintasun Sailak eta Berdintasun Kontseiluak beti eman izan diote garrantzia egitasmo honi».