Euskal Herrian bizi diren poloniarrak Hernaniko Santa Barbara elkartean bilduko dira bihar, lagun euskaldunekin batean, Poloniako Independentzia Eguna ospatzeko. Hernanin bizi den Kasia Palczewska poloniarra da poloniarren elkarteko Gipuzkoako ordezkaria, eta duela 4 urtez geroztik, berak antolatzen du festa hau.
Egun osoko festa
Poloniaren Independentzia Eguna ospatzeko asmoare-kin, 50 poloniarretik gora eta beste hainbeste euskaldun bilduko dira biharkoan bazkaritarako, Santa Barbara elkartean.
Eguerdiko 13:00etan egin dute hitzordua. Euskal Herriko poloniarren elkarteko presidentea izaten da bazkariari hasiera ematen diona. Vodka txupito bana eskuan hartu eta topa egiten dute denek batera.
Ondoren, Poloniako jakiak dastatu eta vodkarik goxoenak edateko aukera izaten da. Trago bakoitzaren ondoren ura edo zumoren bat edatea da onena, egun osoko erritmoari eutsi ahal izateko.
Musika ere garrantzitsua da poloniarren artean. Kantatu eta dantzatzea derrigorrezkoa izaten da bazkari honetan. Aurten gainera, Euskadiko Orkestra Sinfonikoan jotzen duten hainbat musikari poloniar etorriko dira, instrumentu eta guzti. Euskaldunen artean ere musikari bat baino gehiago izango da, eta honekin festa ziurtatua egongo da.
Poloniako Independentzia
Eguna
Azaroaren 11 egun garrantzitsua da poloniarrentzat. Izan ere, I. Mundu Gerra bukatutakoan, Alemaniaren eta Inperio Austro-Hungariarraren okupazioa bukatu zen.
1918ko azaroaren 11n hain zuzen, lortu zuten Poloniako Independentzia aldarrikatzea, Compiegneko Armistizioa sinatuta.
Horrela, von Beseler gobernadore alemaniarrak kargua utzi, eta Józef Pitsudski general poloniarra jarri zen boterean. Botere aldaketa honekin, 120 urteren ondoren, lehen estatu poloniar independentea osatu zen.
Ondoren, Alemaniako poloniarren altxamenduaren ondorioz, Poloniak lurralde eremu zabalagoa berreskuratu zuen. Versalleseko Itunarekin (1919-06-28) nazioartean onartu zen Poloniako Independentzia.