Martindegi Auzo Elkarteak antolatuta, San Martin eguna ospatuko da igandean Oialumen. Lehengo urtean antolatu zuten lehenengo aldiz festa egun hau, eta orduko arrakasta ikusita, aurten ere egitarau potoloa prestatu dute, sorpresa eta guzti.
Haur jolasak eta sorpresa,
lehenengo
Egunari hasiera emateko, haur jolasak antolatu dituzte goizeko 11:00etarako. Mota guztietako jokuak prestatu dituzte, eta tartean sorpresaren bat ere izango dela adierazi dute.
Babarrun-jatea
Haur jolasak bukatuta, eguerdi partean, bazkaria egingo da San Sonategi jatetxean.
Lehengo urtean egin zen moduan, babarrun-jatea egingo da, eta sakramentuak ez dira faltako. Zehaztu ez badute ere, bazkaria prezio onean jarriko dutela adierazi dute antolatzaileek.
Arratsaldea, kontu-kontari
Bazkalostean jai-giroan jarraitzeko asmoa dute Oialumen. Batetik, trikitilariak ariko dira musika eta giroa jartzen.
Bestetik, txiste-kontalari, sasi-bertsolari eta espontaneoen unea izango da, nahi dutena kontatu eta jendea entretenitzeko.
Sakamantekasen etorrera
San Martin egunaren amaiera aldera, ez da harritzekoa izango bat baino gehiago izuak hartzea.
Izan ere, lehengo urtean bezala, Sakamantekasi menditik jaisteko deia luzatu diote. Ez dakite gonbitea onartuko ote duen. Baina bada ez bada, kontuz ibili beharko dute bertaratutakoek, batez ere, haurrek.