Merezimendu guztiarekin, Endika eta Aizpuru III Promozio Txapelketako txapeldun dira. Ezkurra II eta Olazarri 40-27 irabazi zieten atzo.
Endika partiduko jaun eta jabe izan zen eta argi utzi zuen Promozio Txapelketa txiki geratu zaiola. Jokoan sartzen zen bakoitzean, aldeko tantoa lortzen zuen Saldiaseko aurrelariak. Urdinek ez zuten ondo jokatu eta horrek ere erraztu zien gorriei txapelak janztea.
Dirua Ezkurra II eta Olazarren alde atera zen. Galtzen hasi ziren, 11-6, baina 13na berdintzea lortu zuten. Dena dela, berdinduta egon ziren azken aldia izan zen, handik aurrera Endikak zuzendu baitzuen partidua. Aurkariak bere erritmora ibili ziren.
Aizpuru IIIak beldur pixka batekin jokatu zuen, arriskatu gabe eta tantorik egin gabe. Bere taktika baliagarria egin zitzaion Endikak tantoak erraz bukatzen zituela ikusita.
Atzoko garaipenarekin, Endikak eta Aizpuru IIIak erreleboa hartu diete Matxin VI eta Agirrezabala iazko txapeldunei.
Urriza eta San Miguelek ia irabazi hirukoteari
Atzoko jaialdian beste hiru partidu ere jokatu ziren Galarretan. Bi hiruren aurka aritu ziren batean. Emaitzak, honakoak: Urrutia II-Zubirik 35/Matxin VI-Labakak 25; Urriza-San Miguelek 38/Uterga-Juaristi-Ionek 40; eta Oñatz-Zubizarretak 17/Etxabe II-Agirrezabalak 30.