Cricket-ean jokatzen ikasi nahi al duzu? Hala izanez gero, aukera ederra izango da datorren larunbatean Hernanin. Izan ere, Banaiz Bagara elkarteak cricket jardunaldia antolatu du. Azaldu dutenez, egitasmoaren helburua da, herrialde eta kultura ezberdinen arteko aisialdia bultzatzea eta euskera indartzea. «Hernaniarrek cricket kirola ezagutu eta etorkinak euskeraren munduan sartzeko aukera izatea bilatzen dugu egitasmo honekin», diote.
Hori horrela, herritar guztiei luzatzen diete deia jardunaldian parte hartzeko: «Kirol berri bat probatu, ariketa fisikoa egin eta lagun berriak ezagutu nahi duten guztiei gure gonbidapena luzatzen diegu bertan parte hartzeko».
Pakistango hiru lagunen eskutik
Hitzordua larunbatean, goizeko 10:30etan jarri dute Elizatxo ikastolako Gabriel Zelaia eraikinean. Bertako futbol zelaian ariko dira. Pakistaniar jatorriko hiru lagunek emango dituzte azalpenak eta nola jokatu irakatsiko dute. Euren herrialdean eta Indian oso zabaldua dago kirol hau.