Munduko txapelketa hernaniar batek baino gehiagok jokatu du. Baita finala ere. Baina irabazi, orain arte, Patxi Bengoetxeak bakarrik egin du. Eta hori 1958an izan zen, trinketean. Zer sentitzen da?
Ilusio haundia egin dit irabazteak, eta egia esan, ez nekien bigarren hernaniarra nintzenik. Esperientzia ere polita. 10 egunez izan gara Tarbesen (Frantzia), txapelketa jokatu den lekuan eta udalekuak bezala izan dira. Lo ere denok elkarrekin egiten genuen. Ingurua pixka bat ezagutzeko aukera ere izan dugu: Lourdes… Dena dela, gehien bat, txapelketako partiduak ikusten aritu gara.
Finala, Etxamendi nafarrarekin irabazi zenuen Mexikoren aurka. 2 jokoak irabazi zenituzten: 10-4 eta 10-0. Nola joan zen partidua?
Hasieran nahiko estu. Beraien aurrelaria ondo hasi zen, botiboleaz, eta nik akats batzuk egin nituen. Gero, ordea, partiduan sartu nintzen eta nagusi izan ginen. Bigarren jokoan beraiek jaitsi egin ziren moralez eta gu, berriz, indartu. Erraz irabazi genuen.
Nerbioso hasi omen zinen…
Ez nuke nerbioso esango. Kontua da pelota diferenteak erabiltzen direla, arinagoak, denok aukera berdina izan dezagun. Eta kosta egin zitzaidan pelota horietara jartzea. Golpea aldatu egin behar da… Gerora ohitu nintzen.
Ohitu eta min egin. Lehenengo jokoan 4 tanto egin zenituen eta bigarrengoan 6. Lau sakez…
Ez dakit seguru esaten tantoak nola izan ziren. Nik argi nuen entrenatzaileak esandakoa. Aurrelari mexikarrarekin kontuan ibiltzeko esan zigun eta berarekin aurreko jokoan ez sartzeko. Seguru jokatzen saiatu nintzen eta tantoa seguru nuenean bakarrik arriskatzen nuen. Halako txapelketan presioa haundia da. Berdin du nola irabazi, inporta duena urrezko domina lortzea da.
Finalera iristeko, sailkapen faseko partidu bat ere jokatu zenuen Kubaren aurka, Bolinagarekin. Erraz irabazi zenuten, bi jokoetan haiek hutsean utziz. Nolako maila dago mundialean?
Gure aurretik Jakak eta Etxamendik Argentinaren aurka jokatu zuten eta haiek ere erraz irabazi zuten. Argentinarrek denbora gutxi daramate esku pelotan, hasi berriak dira, baina ilusioa eta gogoa badutela ikusten zaie. Kuban maila altuxeagoa da, baina ez da hemengoa bezala.
Berez, Frantzia da aurkari gogorrena, denak Iparraldeko jokalariak izaten baitira. Baina txapelketan ez da espero bezain ondo ibili. Txapelketa Frantzian izanda, presio haundia izan dute jokalariek. Mexikarrak ere ondo moldatzen dira. Dena ematen dute beti.
Nola iritsi zara mundiala jokatzera?
GRAVN Torneoan finalera iritsi ginen Bolinaga eta biok. Han selekzionatzaileak ikusi gintuen eta deitu egin zigun. Hasieran nire dudak izan nituen. Entrenatzera ere Iruñeara joan beharra… Azkenean, 4 gipuzkoar ginen tartean eta haiekin hitz eginda animatu egin nintzen. Prestaketa lanak zorrotzak izan dira: dieta, dopina…
Orain arte txapelketa dexente irabazia zara. Denboraldi honetan ze txapelketa irabazi nahiko zenuke?
Berriz, Herriartekoa irabaztea gustatuko litzaidake.