Karmelo Labakako lehenengo profesionalak elkarrekin, 50 urte eta gero

Kronika - Erredakzioa 2012ko aza. 3a, 01:00

Hernaniko Lanbide Heziketa Eskolatik ateratako 1962ko promozioa elkartu zen urriaren 20an, 50garren urteurrena ospatzeko asmoz. Egun hartako eta garai hartako kontuen berri eman die Kronikari.

Urriaren 20an, Hernaniko Lanbide Heziketa Eskolatik, 1962an ateratako promozioa elkartu zen 50garren urteurrena ospatzeko asmoarekin. Garai hartako 32 ikasleetatik 22 elkartu ziren (bost hilda daude eta beste bostek arrazoi ezberdinengatik ezin izan zuten azaldu). Bazkaldu baino lehen, Karmelo Laba­kako eskola aurrean elkartu ziren eta tailerrak ikusi zituzten. Hainbeste urte eta gero, aldaketak parekatzeko aukera izan zuten. Eguraldiak gehiegi lagundu ez arren, ederki pasa zutela azaldu diote Kronikari. «Garai hartako kontuak gogoratu genituen, irakasleekin izandako istorio eta bitxikeriak kontatu, bakoitzaren egoera azaldu... Benetan ederki pasa genuen».

Karmelo Labakako lehenengo promozioa
Kronikari jakinarazi diotenez, Lanbide Heziketa Eskola, eurak hasi zirenean, 1958an, orain Guria kafetegia dagoen tokian zegoen eta EPO (Escuela Profesional Obrera) izena zuen. Gero, 1962an, orain dagoen tokira, hau da, Karmelo Labaka kalera aldatu zen. Justu euren promozioa izan zen kokaleku berri horretatik atera zen aurreneko promozioa. Ordurako izen aldaketa ere izan zuen eskolak. Karmelo Labaka izena hartu zuen: bere sortzaile eta orduan Hernaniko erretore zenaren izena. Gaur egun, Hernani Institutua da.

Ikasketak bukatu bezain pronto, Orbegozon eta Michelinen lanean
Aipatutako promozioa, 17 ur­teko 32 ikaslek osatzen zuten. Garai hartan espezialitate ba­ka­rra omen zegoen eskolan: Mekanika. Beraz, denak ofizio horrekin atera ziren. Beste garai batzuk ziren eta lan faltarik ez zela sumatzen gogora­tzen dute. «Ikasketak bukatu baino lehen ere etortzen ziren enpresetatik gure bila. Ikasle dezente Orbegozon eta Mi­che­linen hartu gintuzten lanerako ikasketak bukatu bezain pronto». Orduan Ofizialtza Indus­tria­la ikasten zen Hernanin. Gero, Maisutza Industriala eta ondoren Peritu ikasketak. Horretarako, Donostiara joan ziren asko. Gehienek, lana bukatu ondoren egiten zituzten ikasketa horiek, gauez. Mende erdia pasa den honetan, denak jubilatuta daude 67 urterekin. «Beno, denak ez, batek, autonomoa denez, oraindik lanean jarrai­tzen du», diote.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!