Bertako pertsona eta familiak, atzerritarren familiekin elkartuko dituen ekimena izango da azaroaren 18an, Hernanin. Bizilagunak-La familia de al lado-Next door family izena du ekimenak. Partaideak bazkaltzeko orduan, mahai baten inguruan elkartuko dira, norberaren edo kidearen etxean, eta elkar ezagutzeko aukera izango dute. Ekimena SOS Arrazakeriak antolatu du Gipuzkoa mailan eta AMHER elkarteak ere esku hartu du Hernanin. Dena dela, ekimena ez da Gipuzkoa mailakoa bakarrik, baizik Europa mailakoa. Txekia, Eslovakia, Italia, Hungaria, Malta eta Belgikan ere gauza bera egingo dute. Beraz, azaroaren 18an, 2.000 lagunetik gora momentu berean bazkaltzen eta elkar ezagutzen ariko dira. Hernanin dagoeneko 12 familia inguruk eman dute izena, bertakoek eta etorkinek; Gipuzkoa osoan, berriz, 100 inguruk, eta antolatzaileen helburua da 120ra iristea.
Izena emateko,
astelehena azken eguna
Oraindik bada izena emateko aukera. Astelehena izango da azken eguna. Horretarako, eskaera orria bete behar da eta helbide honetan lortu daiteke: http://www.nextdoorfamily.eu/ index.php/eu/. Informazioa eskuratzeko edo izena emateko ere, 943 32 18 11ra deitu edo info@mugak.org helbidera idatzi daiteke.
Izena ematerakoan, bazkaria norberaren etxean edo beste familiaren etxean egin nahi ote den zehaztu daiteke. Ondoren, SOS arrazakeriak bi familia elkarrekin kontaktuan jarriko ditu. Bazkaritan, bi familiez gain, dinamizatzailea ere bertan izango da.
AMHER elkartetik dei egiten diete hernaniarrei ekimenean parte hartzeko.
Kursaalean festa
Bazkariez gain, festa antolatu dute Donostiako Kursaalean. Azaroaren 25ean izango da arratsaldeko 17:00etan.