Maria Luisa Zuriarrain eta Begoña Arrizabalagak egin zuten bakailaorik goxoena, atzo, beste 22 bikoteren aurretik, Bakailao Asteko azken egunean. Bigarren saria Maitane Morales eta Lurdes Lasak irabazi zuten, eta hirugarrena Erlantz Cristobal eta Oskar Arruek.
Pil-pilean bakailaoa prestatzen goiz hasi ziren 23 bikoteak, 11:00ak inguruan, eta azkar inguratu ziren herritarrak Atsegindegira, eguneko protagonistak ze fundamenturekin ari ziren ikustera. Eguerdia ondo pasea zela eman zuten emaitza, eta jendearen txalo artean jaso zituzten hiru bikoteek euren sariak: 300 euro, 200 euro eta 100 euro, eta gatza eta bakailaoa. Juan Mari Izagirre Errio-Guarda jatetxeko sukaldaria izan zen bost epaileetako bat, eta maila ona izanz zela adierazi zion Kronikari. «Baztertzeko modukorik ia bat ere ez, eta orokorrean maila ona».
Partehartzaileen artean bazkari bat zozketatu zen Fagollagan, eta irabazleak: Patxi Castrillo eta Tomas Valverde. Beste sari bat ere izan zen, 6,06 kg-ko bakailao pieza batek ze pixatzen zuen apustu egin behar zen, eta Mattinek asmatu zuen.
Ajoarrieroa, primerakoa
Hernaniko 7 soziedadek (Elizatxo, Etxeberri, Santa Barbara, Lagun Artea, Xalaparta, Karobi eta Gure Txokok) lan ederra hartu zuten ajoarrieroa prestatzen, Atsegindegira inguratu zen jendetzarentzat. Serbitzen aritu zirenak, Berriak elkarteko kideak, bururik altxa gabe aritu behar izan zutenak. Eta hotz egiten bazuen ere, sagardoa nahikoa serbitzen, Hernaniko 9 sagardotegitako kideak: Akarregi, Altzueta, Itxasburu, Iparragirre, Larre-Gain, Olaizola, Otsua-Enea, Rufino eta Zelaia.
Erakusketa, eta postua
Bakailaoaren inguruko erakusketa postuetan joan etorri dezentekoa ibili zen, Urbieta kale peatonalizatuan. Handik Hernani Errotzenen posturaino iritsi ziren hernaniarrak, Plaza Berrira, Gartxot ikusiz konpraren bat egitera.