«Egunean bizitzen saiatzen gara»

Kronika - Erredakzioa 2012ko urr. 28a, 02:00

Gaur egun Hernaniko jubilatuen etxea denak, Goiz Eguzki izena zuen lehen ere. Maribel Etxeberria Azpiazu zen eraikinaren eta inguruko lurren jabea, Her­na­ni­ko udaletxeari saldu zizkion arte.

1972ko urriaren 12an, eraikin hori herriko jubilatuen etxe bilakatu zuten udaletxeak eta Ongintza Patronatuak. Inaugurazio ekitaldian, Euse­bio Iraola erretore jaunak bedeinkatu zuen egoitza, eta bertan izan ziren, baita ere, Jose Maria Setien Alberro, artean apezpiku laguntzailea zena; Altuna alkatea; eta udaletxeko hainbat ordezkari.

Han bertan erabaki zuten Goiz Eguzki jubilatuen etxeko lehen Zuzendaritza Ba­tzordea osatzea. Hermenegil­do Garcia izendatu zuten lehendakari; Isidro Gil, le­hen­dakariorde; Candido La­mue­dra, diruzain; idazkari, Jeronimo Velamazan, Herna­ni­ko mai­su izandakoa; eta bokalak, Daniel Cambronero, Grego­rio Martin, Antonio Sierra eta Carmelo Arbide.

Bi urtean behin aukera­tzen dira berriro, Zuzenda­ri­tza Batzordeko kideak. Baina, azken 6 urtetan ez da aldatu. «Jendeak ez du kargua hartu nahi. Soldata emango baligute...», dio Pako Goia, egungo lehendakariak. Txaro Etxarri lehendakariordea ados dago berarekin: «uste baino ordu gehiago pasa behar izaten dira koordinazio eta antolakuntza lanetan». Beraiekin batean, Zuzendaritza Batzor­dea ostzen dute egun, Tomas Alonso diruzainak, eta Patro Montenegro, Lucas Yuste, Jose Miguel Arana, Javier Do­val eta Jose Maria Tomasena bokalek.

2.000 bazkide inguru

Goiz Eguzkiko jubilatu etxea martxan jarri zenean, 100 bazkide inguru zituen egoitzak. Gaur egun berriz, 1.359 bazkide badira gutxienez, urteko kuota ordaintzen dutenak. Baina 2.000 erabiltzaile inguru gerturatzen dira egoitzara.

Lehengo urtean adibidez, 70 baja izan ziren, baina, era berean, 85 pertsona berrik eman zuten alta.

Bazkide izateko baldintza bakarra da, Hernanin helbideratuta egotea, eta urteko kuota ordaintzea: 8 euro.

Krisiaren eraginez,
gero eta bazkide gehiago

Pako Goia eta Txaro Etxarri­ren esanetan, «krisia nabari da jubilatu etxean ere, gero eta jende gehiago behartzen baitute erretiroa goizago har­tzera. Beraz, bazkide kopurua urtetik urtera gora egiten ari da.»
Bestalde, Hernanin 65 ur­tetik gorako jende asko dagoela aipatzen dute: «hirugarren adineko gero eta pertsona gehiago gara. Goiz Eguz­kira etortzen direnak Herna­niko erretiratuen erdiak izango dira, gehienez ere. Gure gizartea zahartzen ari da».

Bazkide-kolaboratzaileen
lan haundia

«Orokorrean, denok gero eta alferragoak bihurtzen ari gara», diote Goiak eta Etxa­rrik. «Erosotasuna bila­tzen dugu, eta ahal den gutxien egin beharra». Horregatik, as­kotan jendeak ez omen du ekintzetan parte hartzen. Hala ere, bazkide-kolaboratzaile di­re­nen lana goraipatzen dute. «Horiek mimatzen saiatzen naiz», dio Goiak. «Bazkal­tzera gonbidatzen ditut, edo dena delakoa. Azken batean, lan haundia egiten dute, eta ezin da jendea estutu. Eskertu egin behar zaie egiten dutena, lanean jarrai dezaten!».

Urteetan zehar asko izan dira lanean aritu direnak. 1988an adibidez, Carmen Ro­driguezek jubilatu etxeko bandera bordatu zuen. 1987 eta 1999 urte bitartean berriz, eskulan asko egiten ziren jubilatu etxean. Emakumeen tailerretan 15-20 pertsona aritzen ziren josten, margotzen, eta beste hainbat eskulan egiten. Garai hartan, Bilbon kongresu bat antolatu zen, Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Nafarroako jubilatu etxeen artekoa. Kon­gresu hartan, Goiz Eguz­kiko artistek lehen saria jaso zuten, egindako eskulanen kalitate ona zela eta.

Gaur egun erabiltzen diren Olentzeroa eta jaiotza, 1988an egin zituzten bazkideek.

Bestalde, 1990. urtean, za­harkituta zeuden 287 aulki be­rritu zituzten. Batzuk, aroztegiko lanaz eta tapizatzeaz ar­duratu ziren, eta beste ba­tzuk ohialez. Garai hartan, gortina berriak ere egin zituzten.

Gaur egun, «arotzak, igel­tseroak... izan direnak badira gure artean, eta konponketa txikiak beraiek egiten dituzte», dio Goiak. «Horri esker, dirua aurrezten dugu, ez baitiogu inori deitu behar konponketak egitera etor dadin. Udalak izugarri eskertzen digu!».

Harreman ezinhobeak,
Udalarekin

Goiak eta Etxarrik garbi daukate: «Udaletxearekin eta Ongintza Patronatuarekin du­gun harremana oso ona da. Oso ondo tratatzen gai­tuzte, eta eskertu egiten dute gure bazkideek egiten dituz­ten konponketa lanak, dirua aurrezten baitugu». Udalak ere asko ematen diela ai­patzen dute.

Goiz Eguzki jubilatuen etxeak diru-laguntza jasotzen du urtero Udaletik eta On­gint­za Patronatutik. Bazkide­en urteroko kuota da, beste diru-iturri bat. Erabateko autonomia dute diru hori kudeatzeko, eta nahi dituzten ekintzak antolatzeko.

Egoitzak berrikuntzak be­har izan dituenean ere, eran­tzun ona jaso dute Goiz Eguzkin. 1993an adibidez, le­ku gehiago behar zela eta, egungo jangela eta jolas-gela, hau da, beheko solairua gehitu zitzaion egoitzari.

Bestal­de, megafonia sistema berria dute. Honi esker, aukera dago gela guztietan, eta baita kanpoko terrazan ere, musika edo esaten dena entzuteko. Nahi izanez gero, megafonia aukeratutako toki­e­tan bakarrik piztutzeko au­kera ere ematen du.

Azken berrikuntzetako bat toldoa izan da. Eguzkitik edota eguraldi txarretik ba­bes­teko toldo berria jarri da terrazan.

Tripa betetzea,
denon gustokoa

Jubilatu etxean egin daitezkeen ekintzak eta erabili daitezkeen zerbitzuak ez dira gutxi. Mugimendu haundia izaten da bertan, egunero.

«Egunean bizitzen saiatzen gara. Nahiz eta ekintza ba­tzuetan oso jende gutxik har­tzen duen parte, jendea erakartzeko ekintzak antolatzen saiatzen gara. Asko mantendu egin ditugu, eta era berean, berriak ere etengabe sortzen ditugu», diote Zuzen­daritza Batzordeko bi kideek.

Ekintza horien artean, Txaro Etxarrik Ongintzak eskaintzen dituen ikastaroak edota Oroimena lantzen tailerra nabarmentzen ditu. Baita urtean zehar antolatzen diren beste hainbat hitzaldi ere: «gure adineko jendeari zuzendutako hitzaldiak izaten dira, oso interesgarriak, baina gehienetara ez da jende asko etortzen!». Pako Goiaren us­­tez, «erosoegiak gara zerbaitetan parte hartzeko. Norma­l­e­an, nahiago du jendeak arr­a­tsaldea lasai pasa, berriketan edota karta jokoan».

Hala ere, badira harrera oso ona izaten duten ekintza edo zerbitzuak. «ile-apaindegira, fisioterapeutarengana eta horrelakoetara jende asko etortzen da», dio Etxarrik. «Bestalde, bidaiek ere jende asko erakartzen dute. Irailean Alemanian izan ginen eta duela urte batzuk Parisen. Horrelako besteren bat antolatzeko eskatu eta eskatu ari zaizkigu!».

«Dantzaldietara ere jende asko etortzen da; baita inguruetako herrietatik ere», gehi­tzen du Pako Goiak.

Hala ere, jarduera jende­tsu­enak tartean jaki eta edariak dituztenak izaten dira. Ur­te osoan zehar, barrikotea, babarrun-jatea, hamaiketakoak, bazkariak... egiten dira. Ho­rretan ados daude biak: «tripa betetzeak erakartzen du herri honetan jende gehien! Igande honetako bazkarirako, 3 egunetan 164 txartel erosi ziren!».

Goiz Eguzki abesbatza
Antolatzen dituzten jarduera guztien artean ordea, bada Zuzendari­tza Batzordeko ki­deek besteak baino maiteago duten bat, Goiz Eguzki abesbatza, hain zuzen ere.

2007an eratu zen Goiz Eguzki abesbatza. Orduan, 50 bazkide baino gehiagok eman zuten izena bertan. Javier Zubi­mendi dute zuzendaria.
Hernanin ez ezik, Trin­txer­pen, Donostian edota Urnietan eman dituzte kon­tzertuak azken denboraldian, eta oso harrera ona izaten dute beti.

«Abesbatzarekin bete-betean asmatu dugu», dio Goiak, harro. «Parte hartzaileen ar­tean oso giro ona sortu da, lagunak egin dira, eta horrek astero etortzera eta parte hartzera bultzatzen ditu».

Abesbatzan parte hartzen dutenek astero entsaiatzen dute. Bestalde, solfeo klaseak ere ematen dira, ondoren, entseguetan hobeto moldatu ahal izateko.
Asteburu honetarako an­to­latu diren ekitaldien artean, garrantzia haundia dute abesbatzek.

Atzo bertan, Goiz Eguzki abesbatzaz gain, Hernaniko Ozenki eta Kantuz abesba­tzen kontzertuez gozatzeko aukera izan zen. Lehenik eta behin, abesbatza ba­koitzak kantu batzuk abes­tu zituen, egoitzako areto nagusian. Kontzertuari ama­iera emate­ko berriz, 3 abes­batzek Goiz Eguzkiko ereserkia kantatu zuten, denek batera.

Gaur ere musikak izango du bere tokia. Goizean kale­jiran ibiliko dira, eta bazkal­ostean gorputza mugia­raz­teko aukera izango dute, dantzaldian. 

40. URTEURRENEKO OSPAKIZUNAK

Atzo arratsaldean hasi zituzten Goiz Eguzkin, egoi­tzaren 40garren urteurreneko ospakizunak. Arratsaldean hain­bat jolasekin entretenitu ziren (toka, igela, botea...). Segidan, Ozenki, Kan­tuz eta Goiz Eguzki abesbatzen kontzertuaz goza­tzeko aukera izan zuten.

Lehenik eta behin, abesbatza bakoitzak kantu batzuk abestu zituen, eta bukatzeko, denak batera aritu ziren.

Abestutako kantuak:
Ozenki: Alma llanera, Adio Euskal Herriari, Maite zaitut
amatxo, eta Kantu kantari.
Zuzendaria: Imanol Kamio.
Kantuz: A ti, Ikuzten duzu, Bourre, Hiru txito.
Zuzendaria: Igor Arroyo.
Goiz Eguzki: Boga Boga, Zorongo, Goizeko Izarra.
Zuzendaria: J. Zubimendi.

GAUR:
  • 11:00: Musika Eskolako ikasleekin kale-jira.
  • 14:00: bazkideen arteko bazkaria Egoitzan. Ondoren, hainbat opari zozketatuko dira.
  • 18:00: dantzaldia.

URTE OSOKO ZERBITZUAK

ORDUTEGIA:
n Egoitza: astelehenetik igandera, 10:00etatik 21:00etara zabalik.
n Bulegoa:astelehen, asteazken eta ostiraletan, 16:00etatik 18:00etara.
n Taberna: goiz eta arratsalde zabalik, astelehen goizetan izan ezik.

ZERBITZUAK:

  • Osasuna eta edertasuna: oinen zaintza, ile-apaindegia, tentsioa hartzea, fisioterapia, mantentze gimnasia (astelehen, asteazken eta ostiraletan, kiroldegian), eta Oroimena lantzen ikastaroa eta Osasuna eta ongizatea terapia (Ongintzaren eskutik, psikologo batekin).
  • Tailerrak eta ikastaroak: hizaldiak, hilero; brikolajeko tailerra; informatika ikastaroak Biterin, eta Interneteko gela egoitzan.
  • Aisia: zinea, dantzaldiak, bazkariak eta ospakizunak, abesbatza, torneoak, bidaiak eta irtenaldiak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!