Hernaniko odol emaileak protagonista izango dira gaur, Izaskunen, odol emaileen egunean. Guztira 29 odol emaile omenduko dituzte, eta horietatik 27 hernaniarrak dira. Odola 25 aldiz, 40 aldiz, edo 50 aldiz emateagatik omenduko dituzte, eta bada bat 60 aldiz emateagatik omenduko dutena.
Eguerdiko 12:30etan meza egingo dute Izaskungo ermitan, eta ondoren izango da omenaldia, bazkal aurretik, 13:15ak aldera. Domina, diploma eta garaikurrak emango zaizkie omenduei. 14:30etan dute bazkaria, Izaskun jatetxean. Menua ere, merezi adinakoa: foie, entsalada epela, baratxuri eta ganba rebueltoa, 3 kroketa, mixtoa, kaba sorbetea, arkume errea, brazojitanoa, kafea eta edariak.
590 odol emaile Hernanin
Hernaniko datuak ez dira txarrak, odol emaile elkarteko arduradunen esanetan. Izena emanda daudenak 590 dira Hernanin, odola emateko. Horietatik batzuk urtean behin ematen dute odola; beste batzuk bi aldiz; eta badira hiru edo lau aldiz ematen dutenak ere.
Aurtengo urteko datuei begiratuta, Hernanin 633 odol estrakzio egin dira Anbulatorioan. Horiek dira urria arteko datuak, baina oraindik bi hilabete falta direla kontuan hartuta, ia 800 estrakziora inguratu litezke datuak. Gainera, berriak ere dezente egin dira aurten; 23 hain juxtu.