Zubimendik adierazi zuen, presoen eskubide afektiboez gutxi hitz egiten dela

Kronika - Erredakzioa 2012ko urr. 28a, 02:00

Ama presoen eskubideei bu­ruz eta egoerari buruz hitz egin zuten atzo Atsegin­de­gin, arra­tsaldean egin zen ekitaldian. Araitz Zubimendik hitz egin zuen bertan, kartzelan 6 urte pasa eta gero, joan den astean atera zen hernaniarrak. Zubimendik ama preso bezala hitz egin zuen, Hize alaba besoetan zuela, eta adierazi zuen, beste hainbat eskubide­ren artean, eskubide afektiboak ere zapalduta daudela. «Preso  batzuk kondena osoa pasatzen dute laztan bat jaso gabe. Preso politiko eta sozialen arazoa da, kartzela politikaren arazo bat. Guri dagokigu hori aldatzea».
Preso bat ama izaten de­nean, dena areagotu egiten dela adierazi zuten atzo. Umearen eskubideak, amaren eskubi­deak, bikotearen eskubideak...

Bertsolaria, gutuna, abesbatza...
Maialen Lujanbio bertsolariak hasi zuen ekitaldia, eta hiru bertso kantatu zituen, eta az­kenean esperantza mezua utzi zuen: gaur ere goian behen euria, lehengo astean bezala / bihar-etziko loraldiaren lurra gozatu dezala. Gutun hunkigarria ira­kurri zuten ondoren, fa­miliartekoei zuzendua. Ekital­diari bukaera eman zioten Kan­tuz eta Ozenki abesba­tzak, bi kanturekin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!