Urumea bailarak sorpresak emateari ez dio uzten. Azkena, liken berezi-berezi bat bilatu dute Latxeko-errekan: Sticta Canariensis. Oso leku hezeetako landarea, leku tropikaletako baldintzak behar dituena, eta oso aire garbia. Iñaki Sanz-Azkue eta Ibai Olariaga biologoek aurkitu dute likena, Europa penintsularrean galtzeko arriskuan dagoena.
Iberiar penintsulan 8 zita bakarrik, liken honenak
Orain dela 30 miloi urte, Tertziarioan, oso normala izango zen liken hori Europa guztian. Baina klima aldatzen joan da, eta orain, ia desagertzeko zorian dago Europako penintsulan (ez uharteetan). Iberiar penintsulan 8 aldiz aipatu dute liken hori: bi Portugalen, bat
A Coruñan, bat Leridan, oso zahar bat Baztanen (agian desagertuta dagoena), eta gainerako hirurak Hernanin (horietako bat orain aurkitutakoa).
Sanz-Azkue: «Honek esan nahi du Hernanik baldintza oso bereziak dituela»
Iñaki Sanz-Azkue hernaniarrak dioenez, liken hau Hernanin bilatu izanak gauza bat baino gehiago esan nahi ditu. Batetik, Urumeako zenbait errekek kalitate haundiko baldintzak mantentzen dituztela oraindik. Bestetik, aberastasun haundia daukala Hernanik, biodibertsitate aldetik. Eta azkenik, babestu beharra dagoela, desagartzeko arriskua daukan eremu hori. Adibidez, orain sartzen ari diren eukalipto sailek asko haunditzen omen dute arrisku hori.
Kutsadura atmosferikoa kontrolatzeko espeziea
Liken hau erabiltzen da indikatzaile bezala, kutsadura atmosferikoa kontrolatzeko. Latxeko-errekan oso aire garbia dagoela esan nahi du horrek. «Erreka gutxi ikutua dago. Beste 7 landare berezi ere aurkitu ditugu bailaran, eta liken hau ere hortxe dago, ia leku berdinetan. Ez da kasualitatea».
Likena sortzen da, ontto bat eta alga bat elkartuta
Onttoak algari ematen dio aukera uretatik ateratzeko. Algak onttoari berriz, janaria ematen dio, fotosintesiari esker. Horrela sortzen da liken bat, itxura batera oso espezie arrunta, baina bere misterioa ere badaukana, Hernaniko Sticta Canariensisak bezala.