Acebon, (Kazeres) jaioa da Antonio Valencia argazkilaria, baina, 40 urte baino gehiago daramatza Donostian bizitzen. Mekanikaria da ofizioz, eta argazkilaria, afizioz. Donostiako Argazkilaritza Elkarteko kide da, duela 23 bat urtez geroztik. Hasieratik, makro-argazkilaritza eta intsektuak intereastu izan zaizkio. Horrela, 3 kolekzio osatu ditu dagoeneko. Azkenekoa, Beste zenbait zomorro izenekoa, ikusgai dago Biteri kultur etxean, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etarako tartean, azaroaren 9ra arte.
Argazki naturalak
Valenciak dio, «argazki naturalak, flashik gabe ateratakoak eta photoshoparekin tratatu gabeak, gustatzen» zaizkiola. Horrexegatik, «argazkia ateratzeko momentuan konposizioa, markoa... asko zaintzen» ditu.
Era berean, makro-argazkilaritza egiten duenez, asko gerturatu behar izaten du intsektuetara. «Makro-argazkilaritzarekin txikia dena haundi ikusteko aukera dago. Baina horretarako, asko gerturatu behar da kamerarekin».
Askotan, marko ideala edota bilatzen duen kontrastea lortzeko, adar edo loreren bat mozten du, intsektua bertan dela, eta nahi duen fondo aurrera eramaten du: errepide edo aterki baten aurrera... Batzuetan, kolore kontrastearen bila aritzen da; beste batzuetan, intsektua akzioan harrapatzen du; besteetan berriz, marko polit baten atzetik ibiltzen da, argazkiaren konposizioa zainduz.
Horrela, «argazki guztiek beren istorioa dutela» aipatzen du Valenciak, eta «asko ikasten dela».
Kromo bildumagileen gisan
Ateratzen dituen argazki asko bila aritu gabe egiten ditu: «kromo bildumagileak bezala aritzen naiz. Bat ikusi, eta noizbait argazkirik atera ote diodan pentsatzen dut. Ez bada horrela, berehala ateratzen dizkiot batzuk. Batzuetan 3-4 karrete behar izaten ditut!»
Crytocheilus comparatus, armiarmak ehizatzen dituen liztorrari ateratako argazkia du gogoan, adibidez. Ikusi zuenean ez zeraman kamerarik, eta korrika, etxera itzuli, kamera hartu, eta liztorra armiarmari lokartzeko eztena nola sartzen ari zitzaion ikustea lortu zuen.
Donostia 2016an, erakusketa
Valenciak gustuko ditu intsektuak. «Eskuetan hartu eta argazkilaritzarekin jolastuz, entretenitu egiten naiz».
Bere 3 bildumak ere intsektuen ingurukoak ditu, eta 35 erakusketa baino gehiago jarri ditu. Hau bera Azpeitiara eramango du otsailean. Hurrena berriz, Donostia 2016rako erakusketa berri bat prestatzea du helburu.