Gaur egun Hernaniko jubilatuen etxea denak, Goiz Eguzki izena zuen lehen ere. Maribel Etxeberria Azpiazu zen eraikinaren eta inguruko lurren jabea, Hernaniko udaletxeari saldu zizkion arte. 1972ko urriaren 12an, eraikin hori herriko jubilatuen etxe bilakatu zuten udaletxeak eta Ongintza Patronatuak. Inaugurazio ekitaldian, Eusebio Iraola erretore jaunak bedeinkatu zuen egoitza, eta bertan izan ziren, baita ere, Jose Maria Setien Alberro, artean apezpiku laguntzailea zena; Altuna alkatea; eta udaletxeko hainbat ordezkari. Han bertan erabaki zuten Goiz Eguzki jubilatuen etxeko lehen Zuzendaritza Batzordea osatzea. Hermenegildo Garcia izendatu zuten lehendakari; Isidro Gil, lehendakariorde; Candido Lamuedra, diruzain; idazkari, Jeronimo Velamazan, Hernaniko maisu izandakoa; eta bokalak, Daniel Cambronero, Gregorio Martin, Antonio Sierra eta Carmelo Arbide. Bi urtean behin aukeratzen dira berriro, Zuzendaritza Batzordeko kideak. Baina, azken 6 urtetan ez da aldatu. «Jendeak ez du kargua hartu nahi. Soldata emango baligute...», dio Pako Goia, egungo lehendakariak. Txaro Etxarri lehendakariordea ados dago berarekin: «uste baino ordu gehiago pasa behar izaten dira koordinazio eta antolakuntza lanetan». Beraiekin batean, Zuzendaritza Batzordea ostzen dute egun, Tomas Alonso diruzainak, eta Patro Montenegro, Lucas Yuste, Jose Miguel Arana, Javier Doval eta Jose Maria Tomasena bokalek.
2.000 bazkide inguru
Goiz Eguzkiko jubilatu etxea martxan jarri zenean, 100 bazkide inguru zituen egoitzak. Gaur egun berriz, 1.359 bazkide badira gutxienez, urteko kuota ordaintzen dutenak. Baina 2.000 erabiltzaile inguru gerturatzen dira egoitzara.
Lehengo urtean adibidez, 70 baja izan ziren, baina, era berean, 85 pertsona berrik eman zuten alta.
Bazkide izateko baldintza bakarra da, Hernanin helbideratuta egotea, eta urteko kuota ordaintzea: 8 euro.
Krisiaren eraginez,
gero eta bazkide gehiago
Pako Goia eta Txaro Etxarriren esanetan, «krisia nabari da jubilatu etxean ere, gero eta jende gehiago behartzen baitute erretiroa goizago hartzera. Beraz, bazkide kopurua urtetik urtera gora egiten ari da.»
Bestalde, Hernanin 65 urtetik gorako jende asko dagoela aipatzen dute: «hirugarren adineko gero eta pertsona gehiago gara. Goiz Eguzkira etortzen direnak Hernaniko erretiratuen erdiak izango dira, gehienez ere. Gure gizartea zahartzen ari da».
Bazkide-kolaboratzaileen
lan haundia
«Orokorrean, denok gero eta alferragoak bihurtzen ari gara», diote Goiak eta Etxarrik. «Erosotasuna bilatzen dugu, eta ahal den gutxien egin beharra». Horregatik, askotan jendeak ez omen du ekintzetan parte hartzen. Hala ere, bazkide-kolaboratzaile direnen lana goraipatzen dute.
«Horiek mimatzen saiatzen naiz», dio Goiak. «Bazkaltzera gonbidatzen ditut, edo dena delakoa. Azken batean, lan haundia egiten dute, eta ezin da jendea estutu. Eskertu egin behar zaie egiten dutena, lanean jarrai dezaten!».
Urteetan zehar asko izan dira lanean aritu direnak. 1988an adibidez, Carmen Rodriguezek jubilatu etxeko bandera bordatu zuen. 1987 eta 1999 urte bitartean berriz, eskulan asko egiten ziren jubilatu etxean. Emakumeen tailerretan 15-20 pertsona aritzen ziren josten, margotzen, eta beste hainbat eskulan egiten. Garai hartan, Bilbon kongresu bat antolatu zen, Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Nafarroako jubilatu etxeen artekoa. Kongresu hartan, Goiz Eguzkiko artistek lehen saria jaso zuten, egindako eskulanen kalitate ona zela eta.
Gaur egun erabiltzen diren Olentzeroa eta jaiotza, 1988an egin zituzten bazkideek.
Bestalde, 1990. urtean, zaharkituta zeuden 287 aulki berritu zituzten. Batzuk, aroztegiko lanaz eta tapizatzeaz arduratu ziren, eta beste batzuk ohialez. Garai hartan, gortina berriak ere egin zituzten.
Gaur egun, «arotzak, igeltseroak... izan direnak badira gure artean, eta konponketa txikiak beraiek egiten dituzte», dio Goiak. «Horri esker, dirua aurrezten dugu, ez baitiogu inori deitu behar konponketak egitera etor dadin. Udalak izugarri eskertzen digu!».
Harreman ezinhobeak,
Udalarekin
Goiak eta Etxarrik garbi daukate: «Udaletxearekin eta Ongintza Patronatuarekin dugun harremana oso ona da. Oso ondo tratatzen gaituzte, eta eskertu egiten dute gure bazkideek egiten dituzten konponketa lanak, dirua aurrezten baitugu». Udalak ere asko ematen diela aipatzen dute.
Goiz Eguzki jubilatuen etxeak diru-laguntza jasotzen du urtero Udaletik eta Ongintza Patronatutik. Bazkideen urteroko kuota da, beste diru-iturri bat. Erabateko autonomia dute diru hori kudeatzeko, eta nahi dituzten ekintzak antolatzeko.
Egoitzak berrikuntzak behar izan dituenean ere, erantzun ona jaso dute Goiz Eguzkin. 1993an adibidez, leku gehiago behar zela eta, egungo jangela eta jolas-gela, hau da, beheko solairua gehitu zitzaion egoitzari.
Bestalde, megafonia sistema berria dute. Honi esker, aukera dago gela guztietan, eta baita kanpoko terrazan ere, musika edo esaten dena entzuteko. Nahi izanez gero, megafonia aukeratutako tokietan bakarrik piztutzeko aukera ere ematen du.
Azken berrikuntzetako bat toldoa izan da. Eguzkitik edota eguraldi txarretik babesteko toldo berria jarri da terrazan.
Tripa betetzea,
denon gustokoa
Jubilatu etxean egin daitezkeen ekintzak eta erabili daitezkeen zerbitzuak ez dira gutxi. Mugimendu haundia izaten da bertan, egunero.
«Egunean bizitzen saiatzen gara. Nahiz eta ekintza batzuetan oso jende gutxik hartzen duen parte, jendea erakartzeko ekintzak antolatzen saiatzen gara. Asko mantendu egin ditugu, eta era berean, berriak ere etengabe sortzen ditugu», diote Zuzendaritza Batzordeko bi kideek.
Ekintza horien artean, Txaro Etxarrik Ongintzak eskaintzen dituen ikastaroak edota Oroimena lantzen tailerra nabarmentzen ditu. Baita urtean zehar antolatzen diren beste hainbat hitzaldi ere: «gure adineko jendeari zuzendutako hitzaldiak izaten dira, oso interesgarriak, baina gehienetara ez da jende asko etortzen!». Pako Goiaren ustez, «erosoegiak gara zerbaitetan parte hartzeko. Normalean, nahiago du jendeak arratsaldea lasai pasa, berriketan edota karta jokoan».
Hala ere, badira harrera oso ona izaten duten ekintza edo zerbitzuak. «ile-apaindegira, fisioterapeutarengana eta horrelakoetara jende asko etortzen da», dio Etxarrik. «Bestalde, bidaiek ere jende asko erakartzen dute. Irailean Alemanian izan ginen eta duela urte batzuk Parisen. Horrelako besteren bat antolatzeko eskatu eta eskatu ari zaizkigu!».
«Dantzaldietara ere jende asko etortzen da; baita inguruetako herrietatik ere», gehitzen du Pako Goiak.
Hala ere, jarduera jendetsuenak tartean jaki eta edariak dituztenak izaten dira. Urte osoan zehar, barrikotea, babarrun-jatea, hamaiketakoak, bazkariak... egiten dira. Horretan ados daude biak: «tripa betetzeak erakartzen du herri honetan jende gehien! Igande honetako bazkarirako, 3 egunetan 164 txartel erosi ziren!».
Goiz Eguzki abesbatza
Antolatzen dituzten jarduera guztien artean ordea, bada Zuzendaritza Batzordeko kideek besteak baino maiteago duten bat, Goiz Eguzki abesbatza, hain zuzen ere.
2007an eratu zen Goiz Eguzki abesbatza. Orduan, 50 bazkide baino gehiagok eman zuten izena bertan. Javier Zubimendi dute zuzendaria.
Hernanin ez ezik, Trintxerpen, Donostian edota Urnietan eman dituzte kontzertuak azken denboraldian, eta oso harrera ona izaten dute beti.
«Abesbatzarekin bete-betean asmatu dugu», dio Goiak, harro. «Parte hartzaileen artean oso giro ona sortu da, lagunak egin dira, eta horrek astero etortzera eta parte hartzera bultzatzen ditu».
Abesbatzan parte hartzen dutenek astero entsaiatzen dute. Bestalde, solfeo klaseak ere ematen dira, ondoren, entseguetan hobeto moldatu ahal izateko.
Asteburu honetarako antolatu diren ekitaldien artean, garrantzia haundia dute abesbatzek.
Gaur bertan, Goiz Eguzki abesbatzaz gain, Hernaniko Ozenki eta Kantuz abesbatzen kontzertuez gozatzeko aukera izango da. Lehenik eta behin, abesbatza bakoitzak kantu batzuk abestuko ditu, egoitzako areto nagusian. Kontzertuari amaiera emateko berriz, 3 abesbatzak Goiz Eguzkiko kanpoaldera aterako dira, eta denek batean azken kantu bat interpretatuko dute.
Biharko azken ekintzan ere, musikak garrantzia izango du, gorputza mugiarazteko aukera izango baitute.
EGITARAUA
GAUR:
- 17:00: kaleko jolasak: toka, igela, botea eta dardoak.
- 19:00: Ozenki, Kantuz eta Goiz Eguzki abesbatzen kontzertua, Egoitzako areto nagusian.
Abestuko dituzten kantuak:
Ozenki: Alma llanera, Adio Euskal Herriari, Maite zaitut amatxo, eta Kantu kantari. Zuzendaria: Imanol Kamio.
Kantuz: A ti, Ikuzten duzu, Bourre, Hiru txito. Zuzendaria: Igor Arroyo.
Goiz Eguzki: Boga Boga, Zorongo, Goizeko Izarra. Zuzendaria: J. Zubimendi.
Amaitzeko, guztiek batera abestuko dute parkean.
BIHAR:
- 11:00: Musika Eskolako ikasleekin kale-jira.
- 14:00: bazkideen arteko bazkaria Egoitzan. Ondoren, hainbat opari zozketatuko dira.
- 18:00: dantzaldia.
URTE OSOKO ZERBITZUAK
ORDUTEGIA:
- Egoitza: astelehenetik igandera, 10:00etatik 21:00etara zabalik.
- Bulegoa:astelehen, asteazken eta ostiraletan, 16:00etatik 18:00etara.
- Taberna: goiz eta arratsalde zabalik, astelehen goizetan izan ezik.
ZERBITZUAK:
- Osasuna eta edertasuna: oinen zaintza, ile-apaindegia, tentsioa hartzea, fisioterapia, mantentze gimnasia (astelehen, asteazken eta ostiraletan, kiroldegian), eta Oroimena lantzen ikastaroa eta Osasuna eta ongizatea terapia (Ongintzaren eskutik, psikologo batekin).
- Tailerrak eta ikastaroak: hizaldiak, hilero; brikolajeko tailerra; informatika ikastaroak Biterin, eta Interneteko gela egoitzan.
- Aisia: zinea, dantzaldiak, bazkariak eta ospakizunak, abesbatza, torneoak, bidaiak eta irtenaldiak.