Hernaniko Udaltzaingoak jakinarazi duenez, Hernanin etxez etxe iruzurra egiten ari dira, oinazeen kontrako koltxoi magikoak saltzen. Udaltzaingoak argi adierazi du prentsa ohar bidez, Osakidetzako inor ez dabilela Hernanin etxez etxe koltxoiak saltzen, eta iruzur garbia dela, egiten ari direna.
Erremedio magikoa,
sorbaldako minen kontra
Iruzurgile horiek horrela funtzionatzen dute: adinekoen etxera joaten dira, eta galderak egiten dizkiete: osasunez nola dabiltzan, sorbalda edo giharretako minik baduten... eta abar. Ondoren, 1.000 euro inguruko koltxoia eskaintzen diete, Osakidetzak gomendatzen omen duena, eta min guztiak uxatuko dizkiena (Erizainen mantal txuriak jantzita ere badabiltza batzuk etxez etxe).
Kasu horietan
udaltzainei deitu
Udaltzaingoak gomendatu du eskaintza horiek ez onartzea, ez ordaintzea eta ordaintzeko konpromisorik ez hartzea. Eta horrelako zerbaiten berri izatean, udaltzaingora deitzea (telefono zenbaki berria: 092). Herritarren kolaborazioa eskertu dute.