Bakailao Astean bete-betean sartua dago Hernani, eta gaur mahai-inguru interesgarria izango da, Iñaki Alava eta Iñaki Etaio adituen eskutik. Sagardotegiko menuari buruz hitz egingo dute; nola gozatu, nola probatu; nola sentitu... Zentzumen eta Sentsibilitatea. Aztertu, ohartu, sentitu eta hunkitu: sagardotegiko menua. 19:00etan Biterin.
Alava eta Etaio adituak dira janari probaketan. Alavak Basque Culinary Centerren egiten du lan, eta Etaio da EHUko Analisi Sentsorialeko Laborategiko kide; kalitatezko ziurtagiria duten produktuak kontrolatzen aritzen da.
Bakailaoa pil-pilean,
entsaladan, piperradarekin...
Atzo bakailaoa prestatzeko hiru modu erakutsi zizkien Aitzol Zugasti sukaldari hernaniarrak, Basque Culinary Centerrera inguratu ziren beste 38 hernaniarri; gehienak ostalari edo merkatariak. Pil-pila nola atera, bakailaoa laminetan nola jarri, entsalada gozatzeko emultsioak, piperrada eder bat... ikusmin haundia piztu zuen atzoko hitzaldi-ikastaroak, eta pil-pilean eduki zituen Zugastik, bere herritarrak. Plater guztiak probatu, eta Altzuetako sagardoarekin bultza zioten.
Igandeko pil-pil txapelketarako ideia ederrak hartuko zituen atzo, batek baino gehiagok. Oraindik badago aukera izena emateko. Animatzen denak, deitu: 943 337 028 edo 943 337 010.