Hernaniko Kronikak liburu batean kontatu du 12 urteko esperientzia, euskeraz idazteko moduari buruz. Dobera Euskara Elkarteak 2000. urtean atera zuen lehendabiziko Kronika, eta hasiera hartatik saiakera haundia egin du hernaniar guztiek ulertzeko moduan idazten. Orain, Doberak esperientzia hori kontatu du liburu batean. Egilea Jexux Eizagirre da, hasieratik Kronikako laguntzaile izan dena euskera kontuetan. Liburua aurkeztuko dute datorren asteartean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Biteri kultur etxean. Liburua salgai egongo da Biterin bertan, 8 euroan.
Musika eta bideoak, aurkezpenean
Biteriko aurkezpenari musikarekin lagunduko diote; Roberto Pacheco eta Judith Montero ariko dira, zuzenean. Horrez gain, bailarako kontalarien grabazioak, bideoak, eta Kronikako argazki esanguratsuenak ere ikusiko dira.
Zer ikusi dute erritmoak eta euskerak?
Ikuspuntu berri batetik heldu dio Hernaniko Kronikak idazteko modua azaltzeari. Erritmoarekin idatzi nahi du Kronikak, hiztun egokiek egiten duten modura. Horretarako, hiztun onak nola hitz egiten duen aztertu, eta paperera eramaten saiatu dira. Testu monotonoaren kontra, erritmoz idazteko bideak bilatu nahi izan dira liburu berri eta irakurterraz honetan: Erritmoa, kazetariaren batuta.