Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak gaurko egunera aurreratu dira. Egungo gobernuak, lau urteko legegintzaldia bukatu baino lehen, berriro ere Gasteizko parlamentua osatzen duten 75 ordezkariak eta hurrengo lehendakaria aukeratzeko hauteskundeak deitu ditu Euskal Autonomia Erkidegoan.
Guztira, 1,7 milioi pertsona daude bozkatzera deituta; horietatik 15.108, Hernanin.
Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, 75na ordezkari aukeratuko dira.
26 mahai, 8 eskolatan
Hernaniarrek herriko 8 eskolatan banatuta dauden 26 mahaietan bozkatu behar dute. Goizeko 09:00etan irekiko dira mahaiak, eta iluntzeko 20:00etan itxi.
Txantxilla, auzo berria
Aurtengo hauteskundeetan, auzo berri bat dago Hernanin; Txantxiklla, hain zuzen.
Udaletxeak jakinarazi duenez, ekainaren 1eko zentsoa hartu da kontuan. Beraz, egun hori baino lehen helbidea Txantxillara aldatu zutenek Laubidietan bozkatu beharko dute.
Aldiz, ekainaren 1etik aurrera helbidea aldatu edo alta emandakoek, lehengo helbideari zegokion tokian bozkatu beharko dute.
Lehendakari abertzalea izango dugu
Asier Blas politologo hernaniarra elkarrizketatu zuen Kronikak pasa den ostiralean. Blasen hitzetan, «ez dago inolako posibilitaterik lehendakari ez abertzale bat egoteko». Hala ere, argi utzi zuen «gauza oso desberdina dela EAJ eta EH Bilduren arteko gobernu koalizio edo akordio bat egitea».
Bestalde, «PPk eta PSE-EEk beherakada esanguratsua izango dutela» aurreikusten zuen.
Hernaniri dagokionez, «EH Bilduk erraz asko irabaziko duela» uste du Blasek, baina argitzen du, «komeni dela hernaniarrok argi izatea Euskal Herria ez dela gure herria bezala, baizik eta errealitate nazionala oso anitza dela».