Denboraldia luzea izango da, baina taldeak puntuak biltzeko asmoa du

Kronika - Erredakzioa 2012ko urr. 20a, 02:00

Hernani Teklan Laser taldeak urtebete darama lehen mailan, eta bigarrena hasi berri du. Lehengo urtean espero baino hobeto egokitu zen taldea, eta aurtengo denboraldian poliki-poliki puntuak biltzea espero du Moyano entrenatzaileak. Bihar Soraluze-Bergararen aurka jokatuko dute.

Ederki hasi du denboraldi berria Teklan Laser, Herna­niko saskibaloiko senior taldeak. Dagoeneko, 3 partidu jokatu dituzte, eta horietatik lehena galdu arren, azken biak irabazi egin dituzte. Bihar berriz, denboraldiko 4garren partidua jokatuko dute, etxean, Soraluze Ber­gara K.E. taldearen aur­ka, 16:45etan. Lehen begiratuan, ez dirudi hernaniarrek irabazteko arazo haundiegirik izan­go dutenik. Izan ere, sailkapenean 7garren dago Teklan Laser, eta Soraluze Bergara berriz, 14garren, hau da, azken postuan. Gainera, azken partidua galduta etorriko dira, eta etxekoek azken bi garaipenek emandako indarra izango dute alde.

Hasiera onari heltzeko, zuhurtzia nahitaezkoa
Lehengo urtean igo zen Teklan Laser taldea Gipuz­koako lehen mailara. Urtebe­te egin dute maila gorenean, eta uste baino hobeto moldatu dira. Bigarren denboraldia ere, ezinhobeto hasi dute. Hiru partidu jokatu dituzte, eta lehenengoa galdu egin bazuten ere, az­ken biak irabazi egin dituzte. Juanfe Moyano entrena­tzaileak ordea, zuhurtziaz ibili beharra dagoela aipatzen du: «goiz da jakiteko denboraldi bukaerako sailkapenean non egongo garen. Badakigu denboraldia luzea izango dela, eta poliki-poliki puntuak bildu behar ditugula». Hala ere, onartzen du «hasiera nahiko ona izan dela, 3 partidutatik 2 irabazita». Baina tentuz ibili nahi du: «oraindik ezin dugu jakin zer-nolako maila aurkituko dugun» Bestalde, aurkari guztiak gogorrak direla aipatzen du, izan ere, «lehia honetan ibil­tzen diren talde guztiek badakite saskibaloian jokatzen, eta denek irabazi egin nahi dute».

Taldea sendotzea, lehen helburua
Entrenatzailearen hitzetan, taldea sendotzea da hasi berri duten denboraldi honetako lehen helburua. Izan ere, aldaketa asko izan baitira. Alde batetik, entrenatzailea bera berria da, eta bestetik, plantilaren erdia baino gehiago ere, berria da talde honetan. «Aurtengo plantila asko aldatu da; 13 jokalari ditugu guztira, 5 pasa den urtekoak, eta 8 berriak. Azken hauetatik 4, jubeniletatik igo dira, baina beste lauak kanpotik etorri dira». Jubeniletatik igo dira hain zuzen, Julen Murillo, Alberto Rodrigo, Alex Liza­rralde eta Haitz Olaberri. Lehengo urtetik hona taldean jarraitu dutenak berriz, ondorengoak dira: Aitzol Arrieta, Oier Garrido, Unai da Silva, Javier Sodupe eta Gorka Intxausti. Azkenik, taldea osatu duten kanpoko jokalariak hauek dira: Jon Oregui, Josu Arruti, Xabier Intxausti eta Mario Ayestaran. Bestalde, jokuaren aldetik, ikasten ari dira oraindik, Moyanoren hitzetan: «elkar ezagutzen ari gara, eta joku estilo bat lantzen ari gara».

Talde gisa funtzionatzea, Teklan Laserren indarra
Bihar, Soraluzeko taldea etxean hartuko du Teklan Lase­rrek, 16:45etan. Moyanoren esanetan, «irabazteko aukera guztiak ditu Teklan Laserrek, baina partidua jokatu egin behar dugu, eta bertan ikusiko dugu zein diren gure benetako aukerak». Hernaniarren indarra talde gisa funtzionatzea dela dio entrenatzaileak. «Dugun taldeak aukera asko ematen ditu, eta hori aprobetxatu behar dugu». Hala ere, badituzte lesionatutako hainbat jokalari, eta horiek lehenbailehen berreskuratzea espero dute, baina lesioak ondo sendatuta. Bestalde, Moyanok dio «oraindik lan asko dutela egiteko, gure joko estiloan ondo dominatzen ez ditugun puntuak baitauzkagu». Orokorre­an ordea, «jokalari guztiek jokuan parte hartu dezakete, bai defentsan eta baita erasoan ere, eta horrela, kontrako taldea erreferentzia garbirik gabe uzten dugu».

Neskak lehiatuko dira, aurreneko aldiz
Asteburu honetako jardunaldia berezia izango da Herna­niren­tzat. Izan ere, elkarteak bere historia laburrean ez du sekula neska talderik izan eta aurten 2 talde sortu dira. Biak infantil mailakoak dira. Talde bat lehenengo urteko infantilekin osatu dute eta bestea bigarren urteko infantilekin. Gaur jokatuko dute denboraldiko lehenengo partidua Herna­nin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!