«Hurrengo legegintzaldia moderazioaren legegintzaldia izango da»

Kronika - Erredakzioa 2012ko urr. 19a, 02:00

Asier Blas Bilbon bizi den hernaniarra da, Politologoa eta 2006az geroztik UPV-EHUko irakaslea Zientzia Politikoetan. ‘Atzoko eta gaurko harresiak’ liburuaren egilea ere bada, beste batzuen artean. Apirilean, ‘Manuel Gimenez Abad’ X. Saria jaso zuen ‘Demokrazia ereduak espainiar autonomi erkidegoetan’ lanagatik. Kronikak igandeko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeei buruz galdetu dio.

Aldaketa asko izan diren garai ba­tean gaude, gizartean hori ikusten al da hauteskundeei begira?
ETAk praktikatzen zuen in­dar­keria amaitu da (gogoratu behar da beste indarkeria batzuk indarrean dirautela), baina ez da ilusio berezirik piztu gi­zartean, jendea nekatuta dago alderdiekin eta hauek azaltzen duten ahuldadearekin mundu finantzarioaren aurrean. ETAk bere jarduna utzi izan balu orain dela 15 edo 20 urte, lurrikara politiko bat izango zen. Egun aldiz, ziur naiz ez dugula parte hartze bereziki haundia izango. Halere, eragina izango dute gutxienez lau faktorek: a) Ez­ker abertzaleko jarraitzaileen botoa legala izango da, be­raz, hori bada estimulu bat hau­­­ek botoa emateko; b) ETAk indarkeria betirako utzi duenez, az­keneko urteetan ezker aber­tza­learen periferian lekutu den hautesleria mobilizatu egin­go da bere alde (fenomeno hau azkeneko bi hauteskundeetan ikusi dugu jadanik); c) EAJren inguruko hautesleria mobilizatu egingo da abertzaleen ar­teko borroka es­tuagatik; eta d) Orokorrean, abertzaleek badute pizgarri inportante bat botoa emateko: sozialistek or­dezkatu duten gobernu nazionalista espainolarekin bukatzea.

Zenbateko garrantzia edo eragina izan dezake parte hartzeak?
Abstentzioa geroz eta haun­dia­goa izan, orduan eta nagusitasun haundiagoa izango du­te al­derdi aber­tzaleek. Ha­lere, al­der­di abertzaleen arteko bo­rrokan parte har­tzea haundiagoa edo txikiagoa izan, emai­tzak asko aldatu daitezke. Oro har, EH Bilduk boto emaile fidelagoak ditu gainon­tzekoek baino, horrek gauza on eta txar bat du; abstentzioa haunditzen bada bere pisu elek­torala igoko da, baina parte hartzea haunditzen ba­da, nahiz eta botoak irabazi (al­derdi guztiek bezala), horren onura jeltzaleek eta sozialistek jasoko dute bereziki. Izan ere, bi alderdi hauek dira moderatuenak eta ordenuarekin hobekien lotzen di­re­nak. Beraz, jeltzaleek eta so­zialistek dute boto gehien gal­tzeko eta irabazteko aukera.

Inkesta guztien arabera, EAJk irabaziko ditu hauteskundeak. Biga­rren indarra EH Bildu izango da eta atzetik geratuko dira PSE-EE, PP, Ezker Anitza, UPyD... Sozia­lis­ten eta Popularren beherakada na­barmena iragartzen dute gainera. Emaitza horiek espero al dituzu?
Bai, posizioei dagokionez. Parte hartzea %65etik behera izango balitz, EH Bilduk hauteskundeak irabazteko aukera izango luke diputatutan. %65 eta %70 ar­teko parte hartzea egongo balitz, aukera bakarren bat izan dezake horretarako, baina %70e­tik gorako parte hartzearekin ia ezinezkoa izango litzateke. Bestalde, ez dago dudarik PPk eta PSE-EEk behe­rakada esan­guratsua izango dutela, baina nago zabal­tzen ari dena baino txikiagoa izango dela, batez ere, Kata­lu­niatik datozen haizeek boto es­painolista aktibatu egingo dutelako.

EAJk edo EH Bilduk irabazi, dirudienez ez dute gehien­go osorik lortuko. Sozia­lis­tek eta popularrek elkarrekin, EAJk edo EH Bilduk baino eskainu gehiago lortuko balituzte zer gertatuko litzateke?
Ez dago inolako posibilitaterik lehendakari ez abertzale bat ego­teko. Hori gertatuko balitz, hurrengo hauteskundeetan bor­­­­tizki ordainduko luke ho­rren ar­dura izango lukeen al­derdi abertzaleak. Baina gauza bat da alderdi abertzaleek lehendakari abertzale bat se­gur­­tatzea eta beste gauza oso desberdin bat bi alderdien ar­te­ko gobernu koalizio edo akor­dio bat egitea. Emaitzak jakiteko daude, baina badirudi go­bernua alderdi ba­tek soilik osatuko duela, hasieran behin­tzat. Kontua da gero alderdi desberdinekin alian­tzak lortu beharko dituela lege-proiektuak eta aurre­kontuak aurrera ateratzeko.

Alderdi eta koalizioei dagokienean, nola ikusten dituzu kanpainan? Ze botoren bila dabiltza?
Kanpaina oso aspergarria iruditu zait. Gatzgabea. Alderdi garrantzitsuenak gizartearen zentroagatik ari dira borroka­tzen eta horrek ekarri duena da moderazioa. Beldurtuago dau­de galdu ditzaketen botoengatik, irabazi ditzaketenengatik baino. Berezitasuna, EH Bil­dun izan da, bere diskurtsoa eta formak asko moderatu ditu zentro politiko horretan arran­tza egiteko. Pentsa, une honetan Katalunian Mas-ek eta CiU-k transmititzen duten me­zua ikuspegi soberanista batetik erradikalagoa da EH Bildu­rena baino EAEn.

Inkestei kasu eginez, EAJ itzuliko da Eusko Jaurlaritzara, Iñigo Ur­kullu lehendakari dela. Eta EH Bi­duk indar haundia izango du. Ze le­gegintzaldi espero da? Inde­pen­dentziaren bidea landuko al da?
Nahiz eta lehendakari abertzale bat izan eta gehiengo zabal abertzale bat egon parlamentuan, hu­rren­go legegintzaldia mo­derazioaren legegintzaldia izango dela uste dut. Gai sozio­e­konomikoekin batera, bakegintzaren gaiak hartuko du protagonismoa. Oraindik emai­tzak jakin gabe esatea zaila da, baina ez badago gehiengo garbirik edo legegintzaldian zehar koalizio gobernu bat osatzen ez bada (aukera hau posible da legegintzaldi erdian), litekeena da hiru urteko epean hauteskunde berriak izatea autogobernu eta subirautzaren gaia eztabaida zentro jarrita.

Ze emaitza espero duzu Hernanin?
EH Bilduk erraz asko irabaziko du eta abertzaleek izango du­ten gehiengoa oso zabala izan­go da, beti izan den mo­du­an. Dena den, komeni da hernaniarrok garbi izatea Euskal Herria ez dela gure herria be­zala, errealitate nazionala oso anitza da. Hortxe dago nazio honek duen arazo edo abantailetako bat, se­gun eta nola uler­tzen den, Eus­kal Herria oso heterogeneoa da, Katalunia ez bezala, horregatik katalanek errazagoa dute independentziarako bidea lantzea.

Nola ikusten duzu Hernaniko gizartea?
Hernanin hauteskunde mapa oso gutxi mugitu da eta mu­gi­tzen da. Normalean aldaketak parte hartzeak eragiten ditu. Al­de batetik, normala da ezker abertzale anitzak ez gehitu iza­na gehiegi Herna­nin, botoen %40 eta %50 artean egon baita Ezker Abertza­lea­ren pisua. Bes­tetik, badakigu EAJ eta H1! ze­na­ren artean hautesleria konpartitu egiten dutela, kontua da zenbateko gaitasuna duten beraien parte hartzea aktibatzeko. Sozialistek antzeko arazoa dute, botoa aktibatu behar dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!