Astearte iluntzean EH Bilduren hauteskunde kanpainako ekitaldia egin zen Tilosetan. Bertan izan ziren, besteak beste, Marian Beitialarrangoitia eta Lur Etxeberria, EH Bilduko Gipuzkoako hautagai hernaniarrak. Gipuzkoako zerrendetako hirugarren hautagaiak, Marian Beitialarrangoitiak, EH Bilduren asmoez hitz egin zuen. Besteak beste, krisiari independentziarekin aurre egingo diotela aipatu zuen. Era berean, jarraituko dituzten hainbat pauso azaldu zituen: «zerbitzu sozialak indartu; lana banatu, lan orduak murriztuz eta jende gehiagori lana eskainiz; gehien duenak gehiago jarri dezala eskatu; garapen iraunkorra bultzatu, ekonomia jarduera azpiegitura haundietan oinarritu beharrean...».
Bakegintzan pausoak
emateko prest
Politika egiten ez jakitea leporatu zaiela esan zuen Beitialarrangoitiak, eta zergatia argitu zuen: «Gipuzkoan dagoeneko, politika egiten ari gara, baina beldurra digute».
Eta gaineratu zuen: «Demokrazia hitza etengabe ahoan darabiltenek ezarritako blokeo egoerarekin amaituko dugu eta bakegintzan pausoak emateko prest gaude. Horretarako, akordioa da hitz gakoa; prest gaude denekin akordioetara heltzeko».
Horrez gain nabarmendu zuen eskubideak urratzen jarraitzen dela, eta Martxelo Otamendik salatutako torturak zirela eta, Estrasburgok Espainia zigortu izana aipatu zuen.
Talde berria eta
kolore askotakoa
Hautagaiekin batera, Hernaniko Udal Gobernu Taldeko kideak izan ziren ekitaldian, Luis Intxauspe alkatea tartean zela. Alkateak azaldu zuen alderdiaren ibilbidea motza izan arren, politika egiteko modua aldatu dutela, eta talde askotako jendea elkartzeko gai izan direla.
Era berean, hautagai hernaniarrak aipatu zituen: «Gipuzkoako bi hautagai hernaniarrak dira, (Marian Beitialarrangoitia eta Lur Etxeberria) eta oso harro gaude».
Gobernu Taldeaz gain, hainbat alorretako herriko eragile batzuk beren babesa azaldu zuten ekitaldian. Hala nola, aniztasunaren, parekidetasunaren, gazteriaren, hizkuntza normalizazioaren, hezkuntzaren, kirolaren eta kulturaren alorretako hainbat eragilek.
Alkatearen hitzen ondoren, oholtzara igotako hainbat herritarrek esaldi bana irakurri zuten, eta koloreztatutako eskuarekin pankarta margotu zuten.
Agintariena dantzarekin hasi zen ekitaldia, eta ondoren aurkezpen bideoa ikusteko aukera ere izan zen.
Bideo emanaldia gaur, eta kanpainaren amaiera bihar
Gaur, bideo emanaldia izango da Atzieta kalean, 20:30etan.
Bihar berriz, kanpainako amaiera ekitaldia egingo du EH Bilduk Donostiako Konstituzio plazan, 19:00etan.
Berdez jantzita
bozkatzeko deia
Igandean, marea berdea irudikatzeko ahaleginean, bozkatzera berdez jantzita joateko deia luzatu zuten hautagaiek. Gaueko 22:00etan berriz, bozkak kontatuko dira Tilosetan.