Ekintza ugari izango dira gaurtik larunbatera, Kulturarteko Astean

Kronika - Erredakzioa 2012ko urr. 17a, 02:00

Amher, Hernaniko Elkarte Multikulturalak, Kulturarte­ko Astea antolatu du. Gaurtik larunbatera, ekin­tza ugariz go­za­tzeko aukera izango dute haur eta helduek. Ekintza guztiak Biteri kultur etxean egingo dira.

Film proiekzioa gaur, Kulturarteko Astea hasteko
Gaur bertan, Adivina quién viene esta noche filma proiektatuko dute, 19:00etan. 1967an Stanley Kramer-ek zuzendutako komedia honetan, agerian geratzen dira arraza desberdinekiko sor­tzen diren sentimendu eta kezka sozialak. Protagonista familia dirudun bateko neska gazte bat da. Bere senargaia etxera eramango du afaltzera, gurasoek ezagutu dezaten. Hauek ordea, nahastuta sentituko dira; ideia liberalen aldekoak badira ere, alabaren senargaia beltza izateak kezkak sortuko dizkie.

Hitzaldia, bihar
Asteko egun potoloena bi­har­­koa izango da. Amher­re­ko kideek elkartea aurkeztuko dute, eta datozen hilabeteetarako finkatu dituzten helburuak zein diren azaldu eta prestatu dituzten ekin­tzen berri emango dute. Era berean, Bizilagunak-La familia de al lado hitzaldia prestatu dute, elkarbizitzaz hitz egiteko. Hitzaldia eta aurkezpena 19:00etan hasiko dira, Biterin. 

Haurrak protagonista, azken 2 egunetan
Kulturarteko Asteko azken 2 egunak, ostirala eta larunbata, haurrei zuzendutako egunak izango dira. Ostiralean, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, txokolatada eta ipuin kontaketa izan­go dira, Baraka taldea­ren eskutik. Ipuina, euskeraz eta arabieraz kontatuko da: Nasrudin eta bere astoa. Larunbatean berriz, Hain anitza, hain ederra antzerkia ikusteko aukera izango da, 11:00etatik aurrera, Biterin. Haurrei zuzendutako an­tzezlan hau euskeraz ikusteko aukera izango da Zurru­murru taldearen eskutik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!