Oporrak bukatu dira eta Gipuzkoako ibaiak garbitzeko proiektuarekin aurrera jarraitzeko asmoa azaldu du Urgarden taldeak. Eta hurrengo deialdia, Osiñagan egin dute, larunbat arratsaldean. Jakinarazi dutenez, Hernaniko Udalarekin hitz egin dute eta deialdi honetan ere lagunduko duela azaldu die, bai garbitzeko materialarekin (palak, poltsak...) eta baita zabor bilketarekin ere. Hori horrela, herritarrak animatzea besterik ez dela geratzen azpimarratu dute eta dei egiten diete guztiei larunbatean azaltzeko.
Karabel eta Osiñagan
berriz zaborra pilatuta
Urgarden taldeko kideak orain dela egun batzuk Urumea eta Oria ibaiak ikustera hurbildu ziren eta azaldu dutenez, ibaiak lehen baino garbiagoak daude. «Hala ere, aurretik garbitutako Karabelgo zubi ondoan berriz ere neumatikoak eta bestelako zaborrak bota dituzte. Osiñaga auzoan ere ibai bazterrak zertxobait zikinak daude eta horregatik erabaki dugu hurrengo auzolana bertan egitea», gaineratu dute.
Herritarrak
sentsibilizatzeko apustua
Urgarden taldeak bigarren denboraldi honetan, ibai bazterrak garbiago mantentzeaz gain, herritarrak beren inguruarekin sentsibilizatzeko apustu argia egin nahi du. Hala azaldu dute: «Ibaiek gaur egun duten egoeraren jatorria azken uholdeei ego-tzi izan badiogu ere, uholdeak ez dira errudun bakarrak izan. Azken urteetan ibaiekin izan den jokabide axolagabeak eragin nabarmena izan du eta argi dugu utzikeria egoera hori aldatzen hasi beharra dagoela».