Hernani’n Musik ekimenaren barruan udazkeneko denboraldirako antolatu diren 3 kontzertuen berri eman zuten atzo, arduradunek. Ekimenaren helburuei erantzunez, estilo desberdinak uztartu, musika estilo anitzak erakutsi, eta musikari hernaniarrak ezagutzeko aukera izango da denboraldi honetan. «Programa ez da kasualitatea», azaldu zuen Joxan Goikoetxeak, «Hernanin errotuta dauden zaletasunei tokia egin nahi izan diegu». Aurkezpenean izan ziren, besteak beste, Bertsozale Elkarteko Lakun enpresako zuzendari Mikel Mariskal, Jazz Quartet taldeko Satxa Soriazu hernaniarra eta Jorge Abadías, Joxan Goikoetxea musikaria, Idoia Noble aurkezlea, Hernani Musika Eskolako zuzendari Iñaki Eguren, Hernaniko alkate Luis Intxauspe, eta kulturako arduraduna, Arantxa Laburu.
‘Bi Arreba’, ostegunean
Hernani’n Musik ekimeneko denboraldi honetako lehen kontzertua ostegun honetan izango da. Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Lizaso piano-jole oriotarrak Bi Arreba ikuskizuna estreinatuko dute, 20:00etan, Biterin. Sarrerak salgai daude dagoeneko, 7 eurotan. Emanaldian, Chopin eta Xenpelar uztartuko dituzte. Garai berean, egoera antzekoak bizi izan zituzten bi artista haundi hauek. Beste gauza batzuen artean, beren arrebak izan zituzten gogoan, heriotzean. Ikuskizunaz gozatzera gerturatzen denak, bi estilo ezagutzeko aukera izango du: musika klasikoa eta herri honetan klasiko bat dena, hau da, bertsolaritza.
Musikari hernaniarrentzako tokia
Hernani’n Musik ekimenaren beste helburuetako bat da musikari hernaniarrei tokia egitea, eta hauen lana ezagutzera ematea. Ildo horretatik, azaroaren 9ko kontzertuan Satxa Soriazu hernaniarra entzuteko aukera izango da, Jazz Quartet taldearekin. Bertan, Jorge Abadías gitarra-jolearekin batera ateratako Zuri diska aurkeztuko du, eta beste bi musikari izango dituzte lagun: Aritz Luzuriaga kontrabaxuan eta Borja Berrueta perkusioan.
Abenduan, Gauez Operan
Joxan Goikoetxearen esanetan, «Hernaniko kantu eta opera zaleentzako saria da» abenduaren 5ean egingo den ‘Gauez operan’ emanaldia. Kontzertu hau gaueko 22:00etan izango da, ilunaren misterioaren laguntzaz bel cantoaren xarman murgildu ahal izateko.
2013rako eskariak
Denboraldi honetako kontzertuak 4 izatetik 3 izatera pasa dira, egungo egoera ekonomia dela eta. Hori horrela, «Hernani’n Musik ekimeneko estrukturak sendotzeko eta mantentzeko ahalegina egiteko» eskaria luzatu zioten antolatzaileek Udalari. Era berean, alkateak nabarmendu zuen «herrian horrelako eskaintza zabala egotea garrantzitsua dela», eta ekimen honen alde lanean jarraitzeko eskaria luzatu zuen, «nahiz eta denok egoerara egokitu beharko dugun, eta 2013ko aurrekontuek eragina izango duten».