La Vila taldea izango du gaur aurrez aurre Hernanik. Errege Kopako kanporaketako lehenengo partidua izango da. Landaren hartuko dituzte valentziarrak, 12:00etatik aurrera.
Gaurko partiduko laguntzailea Errioguarda jatetxea da eta bazkide eta laguntzaileen artean bi pertsonentzako afaria zozketatuko da.
Talde eraberritua
La Vilak aldaketa ugari izan ditu azken urteetan. Duela bi urte ligako garaile izan zen eta iaz Amlin Challenge Cup-ean parte hartu zuen, atzerriko fitxaketa ugariri esker. Askok taldea utzi egin dute eta aurten ez du denboraldi hasiera xamurra izan.
Dena dela, taldea eraberritua dator atzerriko fitxaketa berri ugarirekin. Gainera, kontuan hartzeko jokalari ezagunak ere baditu: Matt Cook hirugarren lerrokoa, Neil Chievers uztartze erdia eta Edu Sorribes joko zabaltzailea. Azken horren ostikoekin eta zigor kolpeekin adi ibili beharko dute hernaniarrek.
Datorren astean, Getxo
Kopa, Ohorezko mailako taldeei dagokien txapelketa da eta sistema berezia du: aurrena, hiru talderen artean bina partiduko ligaxka jolasten da eta irabazten duenak finalerdietarako txartela lortzen du. Hernanik Getxoren aurka jokatuko du bigarren eta azken partidua datorren astean.