Atzerriko eta bertako familiek elkar ezagutzeko aukera izango dute, ‘Bizilagunak’ ekimenarekin

Kronika - Erredakzioa 2012ko urr. 20a, 02:00

‘Bizilagunak-La familia de al lado-Next door family’ ekimenak Hernaniko eta Gipuzkoako familiak eta inguruan bizi diren familia atzerritarrak elkarrekin bazkaldu eta elkar ezagutzeko aukera emango duela azaldu zuten ostegunean.

Europa osoan antolatu den ekimena da Bizilagunak-La familia de al lado-Next door family. Helburua da, herrialde bakoitzean, bertako familiak eta atzerritarrak igandeko bazkarirako elkartzea, eta elkar ezagutzeko aukera ema­tea. Hernanin, dagoeneko, bat baino gehiago hasi da parte hartzeko izena ematen. Ostegunean egindako aurkezpenean Amherreko ki­de­ek azaldutakoaren arabe­ra, «Euskal Herrian asko gusta­tzen zaigu jatearen kontua. Ospakizun gehienak janaria­ren inguruan egiten dira. Horrela, aukera polita izango dugu elkar ezagutzeko. Ikusi­ko dugu antzeko kezka, gustu, bizimodu... ditugula; desber­din­ta­su­nek berriz, aberastu egiten gaituztela ikasiko dugu».

Europa osoko ekimena
Pragan sortu zen ideia, 2004ean, eta orduz geroztik, urtero egin dute Txekia osoan. Aurten, bazkaria azaroaren 18an egingo da Txekian, Eslovaki­an, Italian, Hunga­rian, Maltan, Belgikan, eta baita Gipuzkoan ere. Parte hartzera animatzen den edonork eman dezake izena, nahiz familia txikia, haundia, seme-alabekin edo gabea, bikoteduna edo gabea, homosexuala nahiz hetero­sexuala... izan.

Parte hartzeko, izena eman
Gipuzkoan dagoeneko, 120 familia inguruk eman dute izena, ekimenean parte har­tzeko. Oraindik bada anima­tze­ko aukera, azaroaren hasi­era bitartean. Parte hartu nahi duenak, ondorengo hel­bide elektronikoan aurkituko duen eskaera orria bete be­harko du: http://www.nextdoorfamily.eu/ index.php/eu/. Informazioa eskuratzeko edo izena emateko ere, 943 32 18 11ra deitu edo info@ mugak.org helbidera idatzi daiteke. Izena ematerakoan, baz­ka­ria norberaren etxean edo beste familiaren etxean egin nahi ote dugun zehaztu deza­kegu. Ondoren, SOS Arraza­ke­riak bi familia elkarrekin kontaktuan jarriko ditu. Bazkaritan, bi familiez gain, dinamizatzailea ere bertan izango da. «Intimita­tean, etxeko espazio goxoan, ezagutuko dugu elkar».

Gaur, antzerkia
Amherrek antolatutako Kul­tu­rarteko Astea gaur buka­tuko da. Haurrentzako Hain anitza, hain ederra antzerkia izango da Biterin, goizeko 11:00etatik aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!