Liztor asiatikoen kopurua izugarri hazi da Hernanin, Agustin Zabala erlezainaren esanetan. Gainera, eguraldi ona dela, oraindik ez dira hil. «Lehengo urtean, garai honetarako, ez zen liztor askorik geratzen. Nik 150 bat harrapatu nituen, salabardoarekin. Aurten berriz, 10 egunetan 800dik gora harrapatu ditut dagoeneko, eta oraindik asko ikusten dira, ez baitu hotzik egiten».
Hernanin bertan, kabi asko topatu dituzte: Olazarren, Irubide inguruan, Arrobiko ostatutik gertu, Ereñotzun, Iturralden, Institututik Santa Barbarara bidean dagoen etxe baten terrenoetako zuhaitzean... Ergobin ere, trenbidearen ondoko platanondo batean, lehengo urtetik kabi huts bat dago, eta aurten, beste pare bat egin dituzte liztor asiatikoek.
Kabiak kentzeko lanetan
Agustin Zabala berak kendu du kabi bat baino gehiago. Era berean, Hernaniko Udalean protokolo bat bada. Abisua pasa, eta tramiteak egin ostean, udaltzainek laguntzen dute. Liztorren kabia altuegi badago ordea, suhiltzaileei deitzen zaie.
Kasu batzuetan berriz, kabiak mendi inguruetan badaude, eta suhiltzaileen kamioiek bertara iristeko zailtasunak badituzte, tiroz botatzen dira. Lehengo urtean Hernanin egin zen lehen aldiz, eta aurten, prozesua zehaztu egin da pixka bat. Lehenengo Guardari deitu behar izaten zaio, eta ondoren, ehiztari talde bat biltzen da, kabia tiroz botatzeko.
Gero eta erregina gehiago
Negu partea gerturatu ahala, liztor langileak hil egiten dira. Baina ez erreginak. Hauek, lur azpian edota beste zulotxo batzuetan sartzen dira, negua hibernatzen pasatzeko.
Udaberri partean, erreginak atera eta kabiak egiten dituzte; aurreko urtetako kabiak aprobetxatu beharrean, horiek hutsik utzi eta berriak egiten dituzte.
Arazoa da, gero eta erregina gehiago dagoela, eta azken batean, hauek dira liztorren ugalketaren erantzuleak. Kabi bakoitzetik 100 erregina atera daitezkeela kalkulatzen du Agustin Zabalak; «horietatik 10 edo 20 inguruk bizirautea lortzen badute, pentsa zenbat kabi berri sortu daitezkeen urtero!».
Ernalketa garaian harrapatzea, onena
Garai honetan kentzen dituzte kabi gehienak. Baina neurri honek ez du balio liztor asiatikoen hazkundea gelditzeko.
Zabalak dio liztor erreginak ernalketa garaian harrapatzea izango litzakela eraginkorrena. Hau da, udaberri partean, kabiak egiten hasi aurretik. Modu horretan, erreginak akabatu eta aldi berean, hauek liztor gehiago sortzea geldiaraztea lortuko litzake.